Gizartea
KORONABIRUSA
Eguneko zentroak, ostalaritza, kirolguneak eta elkarteak itxi ditu Jaurlaritzak
EITB.EUS
Lehendakariak jakitera eman duenez, COVID19aren kasuak gorantz doazela ikusita, neurri zorrotzak ezartzera erabaki dute, baina ez konfinamendua. Gaurtik aplikatzen hasteko eskatu du.
Euskadin 521 pertsonak dute gaur koronabirusa, atzo baino 109 lagun gehiagok. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri iragarri ditu pandemia honen zabalpena mugatzeko helburuz.
13:30ak pasatxo zirela emandako prentsaurrekoan, Iñigo Urkullu lehendakariak ondorengo neurri berriak iragarri ditu:
- Eguneko zentroak itxi egingo dira eta erresidentzia pribatu zein publikoetan dauden pertsona helduen bisitak debekatu egingo dira. Zentro bakoitzak salbuespenak egin ahal izango ditu, baina sartzen diren guztiei tenperatura hartuko diete eta 37ºC baino gehiago izanez gero, ezingo dira sartu.
- Tabernak, jatetxeak eta ostalaritza zentroak itxi egingo dira (etxera eramateko jana egiten dutenak bakarrik egon ahal izango dira irekita), baita elkarte eta txokoak ere, kirolguneak, museoak, erakusketa guneak, kirolguneak eta jokoguneak.
- Debekatuta geratzen dira edo itxita, publikoa 1,5 metroko distantziarekin egon ahal ezin den gune eta ekintzak.
Bihar buletin ofizialean argitaratzen direnetik egongo dira indarrean neurri hauek ofizialki baina gaurtik aplikatzen hasteko eskatu du lehendakariak. Oraingoz, 15 eguneko luzapena izango dute debeku edo itxierek, baina luzatu egin daitezke.
Erabaki hauek aholku batzordearekin bilera egin ondoren hartu ditu lehendakariak, eta oraingoz, ez du erabaki "konfinamendua" bezalako neurririk aplikatzea, nahiz eta unean uneko garapenari so, ez den aurrerago hartzea baztertzen.
Elikagai eta bestelako erosgaien inguruan, Urkulluk esan du bermatuta dagoela dendak hornituta izatea, eta farmazia zein elikagaiak saltzen dituzten guneen ordutegia bi orduz luzatzea ere ez dutela baztertzen gaineratu du.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuak gogoratu du neurri hauek "derrigorrez bete beharrekoak" direla eta norbaitek betetzen ez baditu, "autoritateari desobedientzia" gisa zigortuko dutela.
Euskadiko Garraio Agintaritzak %40tik %60ra murriztuko du bere eskaintza
Euskadiko Garraio Agintaritzako Koordinazio Mahaiak larunbat honetan erabaki duenez, errepidez, trenbidez edo tranbiaz pertsonak garraiatzeko zerbitzuak %40 eta %60 artean murriztuko dituzte, aurreikusitako eskariaren arabera.
Koordinazio Mahaiak bilera egin du COVID19a dela eta ezarritako osasun-larrialdia eta alarma-egoera aztertzeko, eta emango diren zerbitzuak finkatzerako garaian, herritarrak lanpostura iristea eta oinarrizko zerbitzuak eskuratu ahal izatea bermatu behar dela erabaki dute, Garraio Agintaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Datorren asteleheneko zerbitzuaren lehen txandatik aurrera sartuko dira indarrean neurri horiek.
Gainera, autobus, tren edo tranbiaren gaueko zerbitzuak bertan behera geratuko dira gaurtik aurrera.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Alarma egoeraren neurriak zehazteko foru araua onartu du Nafarroako Gobernuak
Bestalde, Nafarroako Gobernuak lokalak ixteko eta jarduerak mugatzeko agindua eman du foru arau baten bidez, Espainiako Gobernuak onartutako alarma egoeraren errege-dekretuan aurreikusi bezala.
Foru araua igandean argitaratuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta herritarrak babesteko neurriak zehazten ditu.
Foru Exekutiboa Espainiako Gobernuarekin eta gainerako erkidegoekin harremanetan dagoela adierazi du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak agerraldi batean, gauean. Ez bakarrik "erantzun posible onena" emateko, lankidetzan aritzeko baizik, azpimarratu duenez.
Chiviteren ahotan, "arazo konplexua da, herritarren lasaitasuna, erantzukizuna eta konpromisoa beharrezkoak izango dira, baita administrazio publikoena ere".
Neurriek "funtzionatuko dute, guztiek errespetatzen baldin baditugu", gogorazi du.