Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Zer da alarma-egoera? Zer egin dezake Estatuko Gobernuak hori ezarrita?

EiTB.EUS

Alarma-egoera deituta, Gobernuak neurri "egokiak" hartu ahal ditu "normaltasuna berreskuratzen dela ziurtatzeko". Neurri horiek "erabat ezinbestekoak" izan behar dira.

  • Zizur Nagusiko parke bat

    Zizur Nagusiko parke bat. Argazkia: EFE.

Espainiako Gobernuak alarma-egoera ezarri du koronabirusaren krisiari aurre egiteko. Pedro Sanchez presidenteak eman du erabakiaren berri; horren bidez, "normaltasuna berreskuratzen dela ziurtatzeko", "egokiak eta erabat ezinbestekoak diren neurriak" hartu ahal izango ditu Gobernuak.

Espainiar Konstituzioaren 116. artikuluak zehazten duenez, "lege organiko batek" arautu behar ditu alarma-, salbuespen- eta setio-egoerak, "bai eta horiei dagozkien konpetentzia eta mugaketak ere". Hain zuzen ere, 4/1981 Lege Organikoak arautzen ditu alarma-, salbuespen- eta setio-egoerak. Konstituzioak adierazten du "Gobernuak" aldarrikatuko duela alarma-egoera, "Ministro Kontseiluan erabakitako dekretu baten bidez". Gehienez jota, hamabost eguneko epea izango du alarma-egoerak, baina aukera dago epe hori luzatzeko, betiere Diputatuen Kongresuari horren berri emanda eta Kongresuaren babesa eskuratuta; babes hori erdietsiz gero, Gobernuak zehaztu beharko lituzke luzapenaren iraupena eta horren baldintzak. Dekretuak, gainera, ebatzitako neurriak zein lurralde-eremutan ezarriko diren zehaztuko du.

Alarma-egoera arautzen duen 1981eko Lege Organikoak honela dio:

1. Ezohiko zirkunstantziak tarteko, eskumena duten agintariak, botere arrunten bidez, normaltasunari eusteko moduan ez baleude, alarma-, salbuespen- eta setio-egoerak ezartzeko aukera izango da.

2.Alarma-, salbuespen- eta setio-egoeretako neurriak, bai eta egoera horien iraupena ere, normaltasuna berreskuratzeko erabat ezinbestekoak direnak izango dira, betiere. Neurriak egokiak izan beharko dira, baldintzak kontuan izanik.

Espainiako Gobernuak, Konstituzioaren 116. artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuta, alarma-egoera ezarri ahalko du, herrialde osoan edo zati batean; horretarako, normaltasunaren aldaketa ekartzen duen ondorengo egoeretako bat gertatu beharko litzateke:

-Lurrikara bat, uholdeak, hiri- edo baso-sutea edo tamaina handiko istripuak bezalako ezbeharra edo zorigaitz publikoa.

-Osasun-krisia: adibidez, epidemia eta kutsadura-egoera larria.

-Komunitatearentzako ezinbestekoak diren zerbitzu publikoak etenda egotea, edo Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan ezarrita dagoena bermatu ezin izatea (langileen greba-eskubidea eta langile eta enpresariek har dezaketen gatazka kolektibo neurrien eskubidea), eta, horrez gain, alarma-egoerari buruzko artikulu honetako gainerako baldintzetako bat gertatzea.

-Behar-beharrezko produktuen horniduran arazoak izatea.

Europa Pressekin hitz egin duten aditu legelari batzuek esan dutenez, Espainiako Gobernuak, larunbat honetan, "ordu eta leku jakin batzuetan muga lezake herritarrak edo ibilgailuak egotea edo zirkulatzea, edo horretarako baldintza batzuk ezar litzake"; halaber, baliteke konfiskazioak egitea eta eraikinak aldi baterako okupatzea.

Espainiako historian, demokrazian, bigarren aldiz ezarri da oraingoan alarma-egoera. 2010eko abenduaren 4an ere ezarri zuten; orduan, PSOEko Jose Luis Rodriguez Zapatero zegoen presidente, eta aire-kontrolatzaileen lanuzte masiboak eragindako kaosagatik ezarri zuten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.