Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Euskal Herriko hezkuntza zentro guztien itxiera agindu dute

EITB.EUS

Araban asteazkenean itxi zituzten ikastetxeak. Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ostiral honetan itxi dituzte. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian datorren astelehenean etengo dituzte eskolak.

  • Itxitako eskola bat. Argazkia: Efe

    Itxitako eskola bat. Argazkia: Efe

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Frantziako Gobernuak haur-eskolak, ikastetxeak eta unibertsitateak ixteko agindua eman dute, koronabirusaren hedapena galarazteko asmoz. Neurria gutxienez hamabost egunetan egongo da indarrean.

Arabako eta Balmasedako eskolak asteazkenetik daude itxita. Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ostiral honetan itxi dituzte. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian datorren astelehenean etengo dituzte eskolak.

Nekana Murga eta Cristina Uriarte Osasun eta Hezkuntza sailburuak, hurrenez hurren, hedabideen aurrean agertu ziren atzo, neurriaren inguruko xehetasunak emateko.

Koronabirusak EAEn utzitako azken datuak emanez hasi zuen bere agerraldia Murgak; orotara, 346 dira COVID-19 gaitzak kutsatutakoak: 259 Araban, 71 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan. Hildakoak, berriz, 11 dira dagoeneko.

Eskolak ixteko arrazoi nagusia, Osasun arduradunaren hitzetan, "koronabirusaren transmisioa galaraztea" da, eta erabakia "adituen aholkuei jarraituta" hartu dutela gaineratu zuen. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako zentroei, Lanbide Heziketako ikastetxeei eta unibertsitateei eragingo die neurriak. Eskolaz kanpoko ekintzak ere bertan behera geratuko dira.

Aurreko egunotan iragarritako eusteko neurri guztiak ere bere horretan mantenduko dituztela adierazi zuen Murgak, eta "ardura eta lankidetza" eskatu die herritarrei. "Neuri hauek guztiak garrantzitsuak dira, baina bakoitzak bere egunerokoan Osasun Sailaren aholkuak kontuan izatea ere ezinbestekoa da", gaineratu zuen.

Uriartek, bere aldetik, azpimarratu zuen eskolak bertan behera uztea ez dela "eskola-jardueraren etenalditzat hartu behar". "Aitzitik, ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari euts diezaioten. Horregatik, ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian egotea erabaki da", zehaztu zuen.

Ikasle guztiei "ahal den neurrian" taldeko jarduerak egiten diren "esparru itxiak" saihesteko eskatu diete, "nahiz eta ikasleek etxeko bizitza normala egin dezaketen".

Ikastetxeek zabalik izango dituzte familiekin komunikatzeko ohiko bideak, gaiari buruzko informazio eguneratu guztia helarazteko. "Aldi horretan, irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako, Sailak alderdi horiek argitzeko instrukzioa emango du", esan zuen Hezkuntza sailburuak.

Nafarroan ere, itxita

Koronabirusak eragindako infekzio kasuek gora egiten jarraitzen dute Nafarroan eta 92 gaixora igo dira, horietatik 16 ospitaleratuta; horietako hiru ZIUn daude, eta, ondorioz, Foru Gobernuak ikastetxe guztiak ixteko agindua eman du.

Horrela, haur eskoletatik eta haurtzaindegietatik hasita unibertsitateetara itxiko dituzte, gutxienez bi astez eta astelehenetik aurrera, baina gaurtik egitea gomendatzen dute.

Gainera, Nafarroako Unibertsitateak nazioarteko ikasleei haien jatorrizko herrialdeetara itzultzeko aukera ematea adostu du.

Egun, Iruñeko campusean beste herrialde batzuetako 2.400 ikaslek ikasten dute.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak agerraldia egin zuen atzo kontseilari guztiak aldamenean zituela, eta esan zuen birusa "oso azkar ez zabaltzea" dela helburua, Espainiako Gobernuarekin koordinatuta.

"Garrantzitsua da zerbitzu publikoak zentzuz erabiltzea beharrezkoak ez diren saturazioak" saihesteko, adierazi zuen Chivitek, "birusaren zabalkundea mantsotzen lagunduko duen urruntze soziala" defendatu aurretik.

Presidenteak azpimarratu zuen neurri murriztaileagorik ez duela hartu nahi, baina ez duela baztertzen horietara jo behar izatea.

Nafarroako Gobernuak eragin ekonomikoa arintzeko neurriak ere hartuko ditu, eta horretarako dekretu bat onartuko du, herritarrak "kezkatuta" eta "beldurtuta" baitaude.

Chivitek aitortu zuen "testuinguru honetara egokitzea kosta" egingo zaiela, eta herritarrei "konpromisoa" eta "pazientzia" eskatu die, "egoera honetatik atera egingo baikara".

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko eskola eta unibertsitateek ateak itxiko dituzte astelehenetik aurrera koronabirusaren zabalkundea gelditzeko, Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak atzo jakinarazi zuenez.

Frantziako presidenteak aitortu zuen "epidemiaren hasieran" daudela orain, eta "Estatuak azken mendean izan duen osasun krisi handiena" denez, "ahulenak babestea" dela "erabateko lehentasuna".

Covid-19ren zabalkundea gelditzeko eta ospitaleen kolapsoa saihesteko asmoz, Macronek iragarri zuen "astelehenetik aurrera haur-eskolak, eskolak eta unibertsitateak" itxita egongo direla, "haurrak eta gazteak direlako birusa azkarren zabaltzen dutenak, sintomarik izan ez arren".

Estatuak seme-alabak zaintzeko zerbitzua eskainiko die osasun alorrean ezinbesteko zerbitzua ematen duten langileei.

Telefonoak: 900 20 30 50 (EAE) eta  948 290 290 (Nafarroa)

SOS Deiak erakundeak eta Bizkaiko Suhiltzaileek mezu bat bidali dute koronabirusen sintomak dituztenek 112 telefonora ez deitzeko eskatzeko, telefono hori beste larrialdi batzuetarako prestatuta baitago.

Gogorarazi dutenez, COVID-19aren sintomak izanez gero, 900 20 30 50 da Euskal Autonomia Erkidegoan herritarren zerbitzura jarritako telefonoa, eta 948 290 290 Nafarroan. Egoera horretarako bereziki prestatutako telefonoak dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.