Gizartea
Koronabirusa
Eusko Jaurlaritzak "Osasun Alerta" jarri du indarrean
eitb.eus
Lehendakariak aitortu du egoera "larria" dela, ez dugula "okerrena" pasatu oraindik. Hori dela eta, "pertsona, familia eta enpresa guztien esfortzua" eskatu du.
Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du Gobernu Kontseiluak "Osasun Alerta edo Larrialdi Aitorpena" jarri duela indarrean. Sailburuekin egindako bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, egoera "larria" da, eta gizarteak "aparteko ahalegina" egin behar du krisiari aurre egiteko.
Urkulluk aitortu du egoera "larria" dela, ez dugula "okerrena" pasatu oraindik. Hori dela eta, "pertsona, familia eta enpresa guztien esfortzua" eskatu du, "osasun langileena" bereziki.
Urkulluk sinatutako dekretuaren arabera, "larrialdiaren aurrean babes zibilaren aginte bakarra" bere esku geratzen da, eta herritarren isolamendua edo "leku arriskutsuetara" joateko debekua ezar dezake.
Kazetaririk gabeko prentsaurreko batean (kazetariek telematikoki egin behar zituzten galderak), lehendakariak alerta egoera horrek eta "Babes Zibileko Plana" indarrean jartzeak zer esan nahi duen azaldu du.
¿Gaur Lehendakaritzan egindako ezohiko Gobernu Kontseiluak hiruerabaki hartu ditu, hurrenkera honetan:
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) March 13, 2020
Horren harira, gogorarazi du Larrialdiak Kudeatzeko Legearen 8. artikuluak "herritarren eskubideei eragiten" dieten neurriak hartzeko eskumena ematen diola.
Legeak jasotzen dituen neurri horiek guztiak, eta Urkulluk berak azaldu duenez, iraupen "mugatua" izango dute, "larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa" hain zuzen ere, eta "arriskuaren araberakoa" izango da beti.
Era berean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Larrialdi Plana indarrean jarri du lurralde historikoan, Arabako Foru Aldundiaren baliabideak Eusko Jaurlaritzaren esanetara jarriz, lehendakariak osasun larrialdi egoera ezarri ondoren.
"Erabakia hartu dut lehendakariarekin lankidetzan, egoeraren aurrean erantzun eraginkorra emateko helburuarekin", azaldu du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak agiri batean.
Apirilaren 5eko hauteskundeak
Hauteskundeei dagokienez, Urkulluk esan du "garrantzitsua" dela alderdi politikoek "irizpideren bat edukitzea", eta apirilaren 5eko hauteskundeen inguruko neurriak "adostuak" izatea. Horren harira, hartzen duten erabakiak erakunde guztien oniritzia izango beharko duela adierazi du.
Gai hori jorratzeko euskal alderdietako ordezkariekin astelehenean elkartuko dela gogorarazi ostean, ohartarazi du "Espainiako Estatuko legedian hutsunea" dagoela egungo egoeraren inguruan.
"Entzuteko prestutasuna dugu, neurriak gure esku dauden aztertuko dugu. Dena dela, erabakia niri badagokit, erakundeen oniritziarekin eta koordinatuta egiteko asmoa dut", gaineratu du, hauteskunde batzordeari eta gainerako erakundeei erreferentzia eginez.
9 pertsona osatu dira
Bestalde, lehendakariak iragarri du dagoeneko koronabirusa zuten 9 pertsona sendatu direla. EAEn 417 pertsona daude kutsatuta eta 14 dira hildakoak.
Eusko Jaurlaritzak hezkuntza zentro guztiak ixteko erabakia hartu zuen atzo, eta gaurtik aurrera 500.000 pertsona daude eskolarik gabe.