Gizartea
KORONABIRUSA
Kutsatze mailak goia jo ondoren, koronabirusa dutenen kopurua jaisten ari da Txinan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Orain, bertako Gobernuaren lehentasuna "inportazioen aurrean babestea" da, beste herrialde batzuetatik COVID-19 gaitza Txinan sar ez dadin.
COVID-19 birusaren "kutsatze maila gorena" gainditu dute Txinan, eta orain, "gaixoen kopurua nabarmen ari da jaisten", herrialde horretako Osasun Batzorde Nazionalak jakitera eman duenez.
"Kasu berrien kopurua jaisten ari da. Agerraldiaren maila gorena gainditu dugula uste dugu. Azken asteotako mailarik baxuenean dago transmisioen kopurua, baina, halere, ez dugu alerta jaitsiko. Kontrolerako eta prebentziorako neurriak indartzen jarraituko dugu", esan du Mi Feng Txinako Gobernuaren bozeramaileak.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian Mik jakitera eman duenez, Wuhanen, gaixotasunaren epizentroan, "zortzi kasu berri bakarrik" atzeman dituzte azken orduotan.
Herrialde osoko "datu ofizialak" eman ditu ezagutzera Osasun Batzorde Nazionaleko ordezkariak. Horren arabera, herenegun, 24 kasu berri atzeman zituzten, eta atzo, 15.
Lehen kasuen berri izan eta datuak biltzen hasi zirenetik, denera 3.169 pertsona hil dira koronabirusak jota Asiako herrialdean, eta 80.793 herritar daude gaixorik, horietako asko larri.
Orain, "inportazioen aurrean babes neurriak hartzea" da Txinako agintarien lehentasuna, beste herrialde batzuetatik COVID-19 gaitza Txinan atzera bueltan sar ez dadin. Izan ere, Mik zehaztu duenez, beste toki batzuetatik Txinara bidaiatu berri duten 85 herritarrek dute gaitza, eta, agintariek ustez, "atzerrian kutsatu dira".