Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Arabako eta Balmasedako ikastetxe guztiak itxi dituzte

agentziak | erredakzioa

Gainera, adinekoentzako aisialdi zentro guztiak ixtea aholkatu du Jaurlaritzak. 261 dira EAEn kutsatutakoak, 102 ospitalean daude, eta hildakoak 9 dira jada.

8:46
Nekane Murga / EiTB

Eusko Jaurlaritzak Arabako eta Balmasedako (Bizkaia) hezkuntza zentro guztiak ixtea erabaki du koronabirusaren aurkako neurri gisa.

Asteazken honetara arte Gasteizkoak eta Arabar Errioxakoak soilik zeuden itxita.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak premiazko agerraldia egin du gaur arratsaldean aurrerantzean indarrean izango den neurriaren berri emateko eta pandemiaren datuak eguneratzeko.

Goizean emandako datuen aldean, ez dago aldaketarik kutsatu kopuruan, 261 hain zuzen ere, eta horietatik 102 daude ospitalean. Hala ere, hildakoen kopuruak gora egin du, eta dagoeneko 9 dira EAEn.

Zenbatu dituzten bi hildako berriak Gasteizko 89 urteko gizonezko bat eta 94 urteko bizkaitar bat dira, biek aurretik gaixotasunak zituztenak. Gipuzkoan beste gizonezko baten heriotzaren berri eman dute gaur goizean: 86 urtekoa, eta lehendik gaixo zegoena.

Gainera, orain arte 12 adingabek eman dute positibo koronabirusarekin, guztiek Araban.

Sailburuaren esanetan, badakite hartzen ari diren neurriek eragina dutela, 68.000 ikasle izango baitira ostegunetik aurrera eskolak jaso ezingo dutenak. Baina Covid19ri aurre egiteko ardura herritarrekin partekatu beharra dagoela defendatu du.

Arabako eta Balmasedako hezkuntza zentroak ixteko erabakia hainbat positibo jaso ostean iritsi da, eta sailburuak berretsi du ez dela gazteak arriskuan daudelako, baizik eta herritar ahulagoei kutsatzeko arriskuagatik.

Murgak esan du uneotan ez dutela aurreikusten Bizkaian eta Gipuzkoan ikastetxeak ixtea, baina aitortu du egoera "aldakorra" dela, eta horren arabera hartuko dituztela erabakiak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Eudeli aholkatu dio itxi ditzatela erkidego osoko adinekoentzako aisialdi zentro guztiak.