Itxi

Gizartea

Gaixotasuna

Koronabirus agerraldia pandemia mailara igo du Munduko Osasun Erakundeak

agentziak | erredakzioa

Horrek ez ditu aldatzen gaixotasunak eragiten duen "mehatxua", hartu beharreko neurriak eta estatuei emandako aholkuak.

  • Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundearen (MOE) zuzendari nagusia. Argazkia: Efe

    Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundearen (MOE) zuzendari nagusia. Argazkia: Efe

Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundearen (MOE) zuzendari nagusiak jakinarazi du pandemia mailara igo dutela koronabirus agerraldia, azkenaldiko kutsatzeak kontuan hartu ostean.

Terdrosek prentsaurreko batean azaldu duenez, Covid19 kasuak duela bi egun baino 13 aldiz gehiago dira Txinatik kanpo, guztira 118.000 kasu daude 114 estatutan banatuta, eta 4.291 dira hildakoak.

"MOE agerraldia aztertzen ari da egun osoan, eta oso kezkatuta gaude zabalkunde maila larriagatik, eta baita estatu batzuen utzikeriagatik ere. Horregatik, Covid19 birusa pandemia dela ondorioztatu dugu", adierazi du.

Hori bai, MOEren zuzendari nagusiak jakinarazi du epidemiatik pandemiara igarotzeak ez dituela aldatzen gaixotasunak eragiten duen "mehatxua", hartu beharreko neurriak eta estatuei emandako aholkuak.

Buruzagi eritrearrak berretsi du "herrialde guztiek" lor dezaketela pandemiaren norabidea aldatzea, atzematen badute, tratamenduak ezartzen badituzte, herritarrak isolatzen badituzte, bilatzen badute eta ezarritako prebentzio neurriak gizarteratzen badituzte.

Hori horrela, Italiako, Irango eta Hego Koreako gobernuak zoriondu ditu eta eskerrak eman dizkie birusa geldiarazteko eta kontrolatzeko hartu dituzten neurriengatik, gizarteari eta ekonomiari kalte egin arren aurrera eraman dituztelako.

"MOEren helburua osasun publikoa da. Baina kide askorekin ari gara lanean sektore guztietan, pandemia honen ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko. Ez da osasun publikoaren krisia soilik, sektore guztiei eragingo dien krisia da. Horregatik, sektore bakoitzak eta norbanako bakoitzak parte hartu behar dute borrokan", azpimarratu du.

Azkenik, Tedrosek koronabirusari aurre egiteko prozedurak martxan jartzeko eta zabaltzeko eskatu die estatu guztiei; herritarrei jakinaraz diezaietela birusak eragiten duen arriskua, eta nola babes dezaketen euren burua; Covid19 kasuak atzeman, isola eta arta ditzatela; horien kontaktuen jarraipena egin dezatela; eta osasun sistema presta dezatela kasu guztiak artatzeko eta osasun langileak zaintzeko.