Gizartea
Koronabirus
Nola azaldu seme-alaba txikiei zer gertatzen ari den koronabirusarekin
EiTB.EUS
Adingabeek galdetu ditzaketen zalantza eta kezkei arreta jartzea gomendatzen dute psikologoek, izan dezaketen beldur edo antsietateari aurre egiteko.
-
Neskato bat Gasteizko plaza batean jolasean. Argazkia: EFE.
Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialak zenbait jarraibide zabaldu ditu familiei laguntzeko seme-alaba adingabeekin koronabirusa kutsatzeko arriskuagatik duten beldurra eta antsietatea kudeatzeko. Psikologoen arabera, garrantzitsua da txikien zalantzei eta kezkei erreparatzea, beti ere haien adina kontuan hartuta, agertzen doazen heinean haien galderei erantzuten saiatuz.
Hala, elkargoak aholkatzen du adingabeei ez sortzea eurek ez dituzten kezkak, baina ez uxatzea, inolaz ere, haien zalantzak: "Haien erritmoari jarraitzea gomendatzen dugu, eta galdetzen dutenari bakarrik erantzutea, informazioa gehiegi eman gabe". Psikologoek zehaztu dute informazio fluxua arautzea komeni dela, "eta behar dena baino gehiago ez ematea".
Testuinguru horretan, Francisco Javier de las Rozas psikologo espezialistak, Larrialdien eta Hondamendien Arloko Arabako Ikastetxeko kideak, eitb.eus-i nabarmendu dio kontuan izan behar dela gure seme-alabek zer adin duten koronabirusaren inguruan hitz egiteko orduan: "Ez da gauza bera 5 urteko haur bat eta 12 urteko bat. Zazpi urtetik aurrera, "pikardia" gehiago dute, azaldu du, "eta pentsamendu abstraktua garatuago dago 12 urtetik aurrera". Beraz, zazpi urtetik beherako haurrekin kontuz ibili behar dugula zehaztu ondoren.
Arabako Psikologoen Elkargoak adierazi du hobe dela azalpen ulergarriak eta gazteen mailara egokitutakoak erabiltzea, eta nabarmendu duenez, garrantzitsua da gezurrik ez esatea; aitzitik, beste bide batzuetatik jasotzen dituzten informazioak "hobeto ulertzen eta iragazten laguntzen saiatu behar dugu".
"Funtsezkoa da gogoratzea", azaldu dute adituek, "adingabeek helduen portaerak eta emozioak behatzen dituztela, nork bere sentimenduak maneiatzeko moduari buruzko seinaleen bila". Ildo horretan, Elkargoak adierazi du "ez dugula behar baino neurri gehiago hartu behar; bestela, geure beldurra elikatuko genuke, baina, bereziki, seme-alabena".
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.