Itxi

Gizartea

Koronabirusa

EAEn bederatzi hildako izan dira, eta kasuak 261 dira, horietatik 64 berriak

Agentziak

Azken hildakoak Gasteizko 89 urteko gizon bat eta 94 urteko bizkaitar bat izan dira. Nafarroan 46 koronabirus kasu baieztatu dituzte asteazken honetan.

  • Neskato bat Gasteizko kaleetan, Arabako Unibertsitate Ospitaletik gertu

    Neskato bat Gasteizko kaleetan, Arabako Unibertsitate Ospitaletik gertu. Argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoan bi pertsona gehiago hil dira koronabirusaren ondorioz. Horiek kontuan izanda, bederatzi pertsona hil dira EAEn, Nekane Murga Osasun sailburuak jakitera eman duenez.

Sailburuak azaldu duenez, gaur goizean hil den 86 urteko gizon gipuzkoarraz gain, Gasteizko 89 urteko gizon bat eta 94 urteko bizkaitar bat hil dira. Hiru pertsona horiek aurretiko patologiak zituzten. 261 kasu dira jada EAEn, horietatik, 64 kutsatu berri, eta 102 ospitalizazio, Osakidetzak jakitera eman duenez.

Lurraldeka, Araban COVID-19ko 201 kasu baieztatu dituzte, asteartean baino 48 gehiago, eta 73 lagun daude ospitaleratuta; oraingoz, hiru lagun hil dira. Bizkaian, 51 kasu daude, asteartean baino 15 gehiago; probintzia horretan, 27 pertsona daude ospitalean, eta bi hildako izan dira. Gipuzkoan, koronabirusaren hedapena txikiagoa da, bederatzi positiborekin: azken 24 orduetan kasu berri bat atzeman da, bi lagun ospitaleratuta daude, eta beste bi hil dira.

Nafarroan 61 koronabirus kasu baieztatu dituzte asteazken honetan, baina kutsatuta egon daitezkeen pertsonei egindako proben % 90ek negatibo eman dute, Santos Indurain Osasun kontseilariak jakitera eman duenez. Horren harira, Nafarroako osasun sistema publikoa "prest" dagoela esan du.

Lapurdin, lehenengo kasua baieztatu da; gizon batek COVID-19an positibo eman du, eta Baionako ospitalera eraman dute.

Hala adierazi du Gobernuaren asteroko bilkuraren ostean egindako prentsaurrekoan, eta bertan ohartarazi du erabakitzen diren edo erabaki daitezkeen neurriak "koherentziaz eta arrazionaltasunez" hartuta egongo direla, eta faktore ugariren arabera.

Esaterako, asteburu honetarako aurreikusita zegoen Iruña Rock jaialdia bertan behera geratu da, milaka pertsona bertaratuko baitziren, horietako asko EAEkoak eta Errioxakoak (koronabirusaren foku nabarmenak biak). Bestalde, asteburu honetan Xabieraldia bezalako beste ekitaldi batzuk egitea ere erabakitzeke dagoela adierazi du.

Espainiako Osasun Sailak 2002ra igo ditu Espainian kaltetutakoen kasuak

Espainian, koronabirus berriak eragindako 2.002 kasu daude, hau da, asteartean baino 363 kasu gehiago, orduan 1.639 kasu erregistratu baitziren, Fernando Simon Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak gaur jakitera eman duenez, Koronabirusaren Ebaluazio eta Jarraipen Batzordearen bileraren ostean.

Era berean, Salvador Illak zuzentzen duen Sailak orain arte egindako zenbaketaren arabera, 47 hil dira eta 136 sendatu dira; Madrilgo erkidegoa da kaltetuen kasu guztien % 50 dituen eskualdea, hildakoen % 66 eta koronabirus berriaren ondorioz ZIUn dauden paziente guztien % 81.

Espainian koronabirusak izaten ari duen intzidentzia handiaren ondorioz, azken orduetan Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoekin koordinatuta, gaixotasuna arintzeko hainbat neurri onartu ditu. Hala ere, Simonek zehaztu du hartutako neurrietako "bakar bat ere ez dela erabilgarria", eta herritarrek "aplikatu" behar dutela. "Neurriak proposatu arren, herritarren babesa behar da mantendu ahal izateko", ohartarazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.