Gizartea
Koronabirusa
Zaballako preso batek positibo eman du COVID-19an, ertzain batekin egon ostean
Agentziak | Erredakzioa
Agentea presoa zaintzeaz arduratu zen Gasteizko Txagorritxu Ospitalean. Asteburuan, lehen sintomak izan zituen presoak, sukarra, besteak beste, eta, ordudanik, isolatuta dago.
-
Zaballako espetxea. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Zaballako (Araba) espetxeko preso batek positibo eman du COVID-19 gaitza atzemateko proban, koronabirusarekin kutsatuta zegoen ertzain batekin kontaktua izan ondoren. Agentea presoa zaintzeaz arduratu zen Gasteizko Txagorritxu Ospitalean.
Presoak lehen sintomak igarri zituenean, espetxe horretako erizaindegian isolatu zuten, beste kide batekin batera, prebentzio-neurri gisa. Zaballako espetxeak 720 ziega ditu (1.000 preso baino gehiagorentzako lekua), espetxe horretako arduradunek jakitera eman dutenez.
Asteburuan izan zituen lehen sintomak presoak, sukarra, besteak beste, eta, horrenbestez, ospitalera eraman zuten. Medikuek presoa ospitaleratzea aholkatu zuten, aurretiko patologiak zituelako.
COVID-19 gaitza atzemateko egin zioten lehenengo proban, presoak negatibo eman zuen, baina bigarrenean positibo eman du, eta isolatuta dago.
Gasteizko Txagorritxu Ospitalean presoa zaintzen egon zen ertzainak positibo eman ondoren, osasun-agintariek jarraipena egin zieten berarekin harremanetan egon ziren pertsonei. Horrela, Zaballako espetxeko bi preso behaketan egon dira espetxeko erizaintzan.
Testuinguru horretan, Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak neurriak zorroztu ditu Araba, Errioxa eta Madrilgo espetxeetan. Hala, kontaktuak murrizteko jarraibideak bidali dizkie arduradunei, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko.
Halaber, datozen bi asteetan presoak bisitatzera doazen senide eta lagunek mintzalekuan baino ezingo dute haiekin hitz egin, eta debekatu egin dituzte tratamendu-irteera programatuak; ez, ordea, baimen arruntak eta 100.2 artikuluan jasotakoak.
Espainiako Osasun Ministerioarekin koordinatuta hartutako salbuespenezko neurriak martxoaren 11tik 25era bitartean egongo dira indarrean.