Itxi

Gizartea

Epaiketa

Sei hilabeteko isuna eskatu dute Portugaleteko 'Vitori'ren etxea okupatzeagatik

agentziak | erredakzioa

95 urteko emakumearen etxebizitza okupatzeagatik abiatutako epaiketa ebazpenaren zain geratu da. 1.440 euroko isuna eskatu du akusazioak, eta defentsak, absoluzioa.

1:16
Barakaldoko Epaitegiak / EiTB

Portugaleten 95 urteko 'Vitori'ren etxea okupatzeagatik hasitako epaiketa ebazpenaren zain geratu da, eta akusazioak sei hilabeteko isuna eskatu du bi auzipetuentzat, delitu horrentzat eskatu daitekeen zigor handiena.

Barakaldoko 4. Instrukzio epaitegiak ebazpenaren zain utzi du otsailaren 10ean egitekoa zen baina auzipetuetako baten abokatua agertu ez zelako atzeratu zen epaiketa. Orduan bezalaxe, gaurkoan ere ez dira bertaratu ustezko okupatzaileak.

Ministerio Fiskalak bi auzipetuak zigortzea eskatu du, sei hilabetez egunero 8 euro ordaintzea, usurpatze delitua egotzita. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du.

Victoria de Castro 'Vitori'ren abokatuak, Jesus Bagenetak, bat egin du fiskalaren eskaerarekin, Zigor Kodeak delitu horrentzat aurreikusten duen eskaera gogorrenarekin, 'Vitori'ri egindako "kalte" ekonomiko eta "emozionala oso handia" izan dela iritzita.

Bagenetak epaiketaren ostean adierazi duenez, isuna, guztira 1.440 euro, egokia da, baina "txikiagoa izan zitekeen" bi auzipetuekin hitz egiteko aukera izan eta haien egoera ekonomikoaz hitz eginez gero.

Aitortu du 'Vitori'k (osasun arazoengatik ezin du epaiketan parte hartu) "edozein ebazpen" onartuko duela, "nahi duen bakarra gertatutakoa ahaztea" baita, "dagoeneko nahikoa sufritu" duelako.

Auzipetuen defentsek absoluzioa eskatu dute, uste baitute ez dela egiaztatu auzipetuek sarraila indarrez ireki zutela, eta ‘Vitori’ etxetik bere borondatez joan zelako.