Itxi

Gizartea

Fenomeno meteorologikoa

Martxoko lehen superilargia ikusteko aukera izango da gaur

Agentziak | Erredakzioa

Superilargia gau osoan izango da ikusgai, eta ez da tresna berezirik edo ikusmen-babesik erabili behar horretarako. Fenomeno meteorologiko horrek indar handiagoko marea biziak eragingo ditu.

  • Superluna.

    Superilargia. Artxiboko argazkia: Andere Eguiluz

Martxoko lehen superilargia penintsulako toki askotatik izango da ikusgai astelehen honetan, 18:48tik aurrera. Izan ere, zerua oskarbi egongo da, iparraldean eta Kanariar Uharteetan izan ezik.

Ruben del Campo Aemet Estatuko Meteorologia Agentziako bozeramaileak azaldu duenez, penintsulan "zerua inguratuko duten goi-hodei oso finak izango dira nagusi gauean, baina horrek ez du Ilargia ikustea oztopatuko". Kanariar Uharteetan, ordea, "hodeiak alisio haizeei lotuta egongo dira eta iparraldean pilatuko dira".

Testuinguru horretan, Meteored meteorologia atariak azaldu duenez, superilargiaz hitz egiten da ilargi betea Ilargiaren orbitaren perigeoarekin (Lurretik gertuen dagoen puntua) bat datorrenean edo perigeo horretatik oso gertu dagoenean, eta horrek itxura handiagoa ematen dio Ilargiari (% 14raino), baita distira gehiago ere (% 30 inguruan).

Ilargiaren orbita eliptikoa denez, satelitea Lurretik gehieneko distantziara geratzen den puntu bat dago -406.000 kilometrotara- eta gutxieneko distantziara geratzen den beste puntu bat -356.000 kilometrotara-, apogeo eta perigeo izenekin ezagunak, hurrenez hurren. Hala, Espainiako Behatoki Astronomikoaren arabera, Ilargiaren perigeoa asteartean izango da, 07:33an.

Meteoredek azpimarratu duenez, superilargia gau osoan izango da ikusgai, eta ez da tresna berezirik edo ikusmen-babesik erabili behar horretarako. Gainera, fenomeno atmosferiko horrek nolabaiteko eragina izango du itsasoan, "perigeo-mareak" (indar handiagoko marea biziak) eraginez. Hala, denborale batekin bat eginez gero, uholdeak izateko arriskua areagotu daiteke kostaldean.

Martxoan zehar beste fenomeno astronomiko batzuk izango dira, garrantzitsuena neguko ordutegitik udako ordutegirako aldaketa, hilaren 29an, 02:00etan. Horrez gain, beste bi superilargi (apirilak 8 eta maiatzak 7), hainbat meteorito-euri, ilargi gorri bat (ekainak 5) eta ilargi urdin bat (urriak 31) izango dira aurten izango diren gainerako fenomeno aipagarrienak.