Gizartea
Elkarretaratze isila Zallan
Beltranen familia: "Gure heroia diru-goseagatik eta praxi txarragatik hil da"
Agentzia | Erredakzioa
Ehunka pertsonak elkarretaratzea egin dute Zallan, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak gogora ekartzeko. Aurrenaren senideek deitu dute protesta.
Joaquin Beltranen familiaren hitzetan, "gure heroiak batzuen diru-goseagatik eta besteen praxi txarragatik galdu zuen bizitza". Zaldibarreko zabortegian duela hilabete gertatutako luizian harrapaturik geratu zen langileetako bat da. "Ez zen gertatu behar eta 30 egun geroago zabor tona askoren azpian jarraitzen du, hura aurkitzeko beharrezko baliabide guztiak ez jartzeagatik".
Ehunka pertsonak elkarretaratzea egin dute Zallako Euskadi plazan, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak gogora ekartzeko. Aurrenaren senideek deitu dute protesta, Beltran Zallan bizi baitzen.
"Joaquin gogoan" lelopean protesta egin dute. Pankarta plazako kioskoan zintzilikatu dute. Manifestari batzuek lore eskaintza egin eta kandelak piztu dituzte, otsailaren 6tik desagerturik dauden bi beharginak gogorarazteko.
Joaquin Beltranen eta Alberto Sololuzeren senideek eta lagunek parte hartu dute elkarretaratzean. Bost minutuko isilunea gorde ondoren txalo egin dute manifestariek.
Ondoren, Joaquin Beltranen koinata Marta Alvarezek hartu du hitza. "Jadanik 30 egun pasa dira ezbeharra eman zenetik", gogorarazi du eta "ez dugu erantzunik jaso, Joaquin gure artean ez egoteak suntsitzen gaitu".
"Izugarrizko galera konponezinaz gain, gure artean ez dago eta tortura horri egunero egin behar diogu aurre, eta horrez gain, merezi duen atsedena eta agurra ezin diogu eman", gaineratu du.
Alvarezek bere buruari galdetu dio nola ulertarazi diezaiekeen Joaquinen seme-alabei "euren oinarri, gidari eta erreferentea zena ez dela itzuliko, eta haren emazteari bere bizitza-kidea zena joan egin dela adierazi".
Ekitaldian esandakoarekin Joaquin Beltranen emaztearen eta haren hiru seme-alaben sentimenduak aditzera eman nahi zituela nabarmendu du, "haiek ez baitute hori egiteko indarrik".
"Bizitzen ari garen mina, kalbarioa eta agonia azaltzeko nago hemen. Beltranez harro gaudela jakinarazi nahi diogu mundu guztiari”, adierazi du hunkituta.
"Alberto eta Joaquin bilatzeari ez uzteko" eskatu du; izan ere, "bi familiek merezi dugun zerbait da", eta "zabortegi horretan lurperatuta jarraitzen duten minutu orok" Konstituzioan jasotako pertsonen duintasunerako eskubidea urratzen duela azpimarratu du.
Joaquin Beltranen senideak Zallako (Bizkaia) elkarretaratzean. Argazkia: EFE