Itxi

Gizartea

Martxoak 8

Euskal Herriko marea morea, herriak eta hiriak hartu ditu aurten ere

EITB.EUS

Indar erakustaldia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, herrietako eta hirietako kaleak hartuta.

1:39
Iaz izandako manifestazioen irudietako bat

Emakumeen eskubideen eta benetako berdintasunaren aldeko borrokak hitzordu garrantzitsua du igande honetan, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak, aurten ere, azken bi urteotan erakutsi duen indarra azaldu du. Emakumeen papera eta aldarrikapen feministak agenda politikora eraman nahi dituzte, ez bakarrik gaur, urte osoan baizik.

Hori dela eta, Euskal Herriko herri eta hiri guztiek, oro har, ekitaldiak prestatu dituzte, manifestazioak, gehienbat, baina baita jai-giroan egingo dituzten bestelako ekitaldiak ere. Hona hemen deialdi nagusien zerrenda, lurraldeka:  

Bizkaia

Bizkaian, ekitaldi nagusiak hiriburuan izango dira. Bilboko Jesusen Bihotzaren plazatik, 13:00etan, martxa abiatuko da eta jarraian, herri-bazkaria egingo dute. Arratsaldean, aldarrikapena jai-giroan egingo dute, Areatzan hasiko den kalejira batekin, alegia.

Dena dela, Bizkaiko udalerri anitzek ere euren elkarretaratze propioak deitu dituzte, tartean, Arrigorriagan, Gernikan, Durangon, Bermeo, Ermuan, Barakaldon eta Leioan. Ezagutu hemen elkarretaratze guztien lekuak eta orduak. 

Gipuzkoa

Gipuzkoako hiriburuan, Donostian, aldiz, bi martxa antolatu ditu Mugimendu Feministak, bata goizean eta bestea, ordea, arratsaldean: lehenengoa, 12:00etan, Alderdi Ederretik abiatuta; bigarrena, 18:00etan, Boulevardetik.

Gipuzkoako gainerako udalerrietan ere martxak deitu dituzte (hona hemen zerrenda osoa). Hainbat udalerritan, gainera, Eskoriatzan, adibidez, egun oso egitaraua prestatu dute, aldarrikapena eta jaia uztartuz: gosaria, martxa, herri-bazkaria, mahai-inguruak…

Araba

Arabako Mugimendu Feministak ekitaldi ugari antolatu ditu Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta. Izan ere, egunak daramatza data ospatzen, kontzertuekin, bazkariekin eta Artium Museoan izandako omenaldiarekin, besteak beste. Martxoak 8 honetarako ere ekitaldiek ez dute etenik izango Gasteizen: goizean goiz hasiko dira Loma Jeneral plazan izango den topaketarekin eta giza-kate feminista batekin. Manifestazio nagusia 17:30ean izango da, San Anton plazan.

Arabako gainerako udalerrietan ere protestak aurreikusi dituzte, hala nola, Amurrion, Agurainen, Kanpezun, Laudion… Hona hemen Araban izango diren ekitaldi guztien zerrenda.

Nafarroa

Iruñean bi manifestazio prestatu dituzte martxoaren 8aren harira: bata, goizean, 12:00etan, Gaztelu Plazatik abiatuko dena; bigarrena, Iruñerrian, 18:00etan. Nafarroako beste udalerritan ere elkarretaratzeak deitu dituzte tokiko mugimendu feministek, besteak beste, Arangurenen, Tafallan, Tuteran, Lesakan, Lizarran… Begiratu hemen Foru Erkidegoan izango diren elkarreratze guztien zerrenda.  

Iparralde

Hiru lekutan bereziki izango dira martxoak 8ko ekitaldiak: Baionan, Hendaian eta Maulen. Hiruretan izango dira manifestazioak (Baionan, 11:00etan; Hendaian, 11:30ean; Maulen, 18:00etan), eta beste zenbait ekitaldi, hala nola, kalejira eta herri-bazkaria Hendaian, eta ekitaldi kulturala Maulen.