Gizartea
Zaldibar
Ekologistak Martxanek kereila aurkeztu du Verter Recyclingen aurka
agentziak | erredakzioa
Plataforma ekologistak ez du baztertzen administrazio publikoetako arduradunen aurka ere jotzea, ikerketan delitu zantzuak aurkitzen badituzte.
-
Zaldibarko zabortegia. Argazkia: Efe
Ekologistak Martxan plataformak kereila bat aurkeztu du Durangoko Auzitegian herri-akusazio gisa Verter Recycling 2002 Zaldibarko zabortegiaren jabearen aurka, eta ez du baztertzen administrazio publikoetako arduradunen aurka ere jotzea, ikerketan delitu zantzuak aurkitzen badituzte.
Plataforma ekologistak uste du Zaldibarren gertatutakoa ez zela "zorizko" zerbait izan, eta horregatik jo du enpresaren aurka, "ingurugiroaren eta langileen segurtasunaren aurkako delitua" egon daitekeelako, "administrazioaren kontrol ezagatiko ardurak baztertu gabe".
Ekologistek gogorarazi dutenez, otsailaren 6an zabortegian izan zen lur-jausiak eragin zuen Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak lurpean, edo zaborpean, desagerraraztea.
Kereila horretan gaineratu dute hasiera batean "segurtasun neurri egokirik gabe egin zituztela larrialdi eta erreskate lanak, amiantozko eraikuntzen 16.148 tona hondakin zituen zabortegi batean", "inolako tratamendurik, isolamendurik edo bereizketarik jaso ez zuten hondakinen" artean.
Era berean, suteak sortu zirela, "dioxina eta furano isuri altuak" atzeman zituztela eta "herritarren segurtasunerako eta osasunerako alertak eta aholkuak" zabaldu zituztela aipatu dute salaketan.
Aixolako erreteneko eta Ego ibaiko kutsadura ere agertzen da kereilan, amonioa eta metal pisutsu batzuen maila altuegiak aurkitu dituztelako bertan.
Horregatik, Ekologistak Martxanen kereila, printzipioz, Verter Recycling 2002 enpresaren aurkakoa da, eta bestelako arduradunik auzipetzen badute, horien aurka zabalduko dute.
Izaera juridikoari dagokionez, plataformak uste du natur baliabideen eta ingurugiroaren aurkako delitua egon daitekeela, eta baita langileen eskubideen kontrakoa ere.
Bestalde, Ekologistak Martxanek ez du baztertzen, ikerketak agerrarazten duenaren arabera, administrazioaren aurka bestelako ekintzaren bat abian jartzea, balizko prebarikazioaren kasuan.