Itxi

Gizartea

Elkarrizketa EiTB-n

"Gure nahia da zabortegi batera lore sorta bat ez eramatea"

eitb.eus

Txisko Beltranek eta Rodolfo Martinek, Zaldibarren lurperatutako bi langileetako baten anaiak eta lagunak, EiTBrentzat hitz egin dute luizia gertatu eta hilabetera.

1:49
Rodolfo Martin eta Txisko Beltran

Rodolfo Martinek, Joaquin Beltranen (Zaldibarko zabortegia erori ostean lurperatuta dauden bi langileetako bat) lankide eta lagunak, EiTBri eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, bere nahia "zabortegi batera lore sorta bat eraman behar ez izatea" da, ez zaiolako "duina" iruditzen. Ildo horretan, hilobiratutako bi lankideek "merezi duten lekura, atseden eta bake leku batera" eramatea da bere nahia.

Elkarrizketan, Txisko Beltran Joaquinen anaiak ere parte hartu du, eta esan duenez, 2020an "pentsaezina da non kokatuta dauden jakinda, eremu hori ez lantzea eta baliabideak horretara ez mugatzea". Zentzu horretan, anaiak azaldu duenez, "ez dugu zabortegi osoa iraultzea eskatzen, B2 eta B4 eremuak lantzea eta horiek aurkitzeko behar diren baliabide guztiak gastatzea besterik ez dugu eskatzen".

Txisko eta Rodolfo zabortegian lanean ari ziren otsailaren 6an 500.000 metro kubiko lur eta zabortegiko hondakin erori zirenean. "Joaquin lankideei abisua emanez joan zen, aldendu zitezen", azaldu dute. Zentzu horretan, beraiek azken unean salbatu zirela eta Joaquin azken aldiz non ikusi zuten badakitela esan dute.

Biak egunero joan dira zabortegira bilaketa lanetan laguntzera, eta auziaren "deskoordinazioa" salatu dute. Atsekabetuta agertu dira erakundeekin, baina larrialdietako teknikari eta beharginen lana eskertu dute.

Beltranen familiaren, lankideen eta lagunen nahia bilaketa atsedenik gabe jarraitzea da.