Itxi

Gizartea

zabortegia

Urkulluk Zaldibarren lurperatuta dauden langileetako baten familiari erantzun dio

agentziak | erredakzioa

Lehendakariak esan du "une batean ere ez" diela ihes egin "sortutako gertakari baten aurrean eta haren kudeaketan egindako balizko akatsei".

3:54
Zaldibarko zabortegia / EiTB

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du "ulertzen" duela Zaldibarko zabortegian lurperatuta dauden langileen senideen mina, eta bilaketa lanetan ari diren erakundeen, enpresen eta langileen konpromisoa berretsi du.

Urkulluk, sare sozialen bidez, Joaquin Beltranen familiak atzo kaleratu zuen oharrari erantzun dio. Senideek salatzen zuten bilaketa-lan horietan koordinaziorik ez zegoela, eta "desegokiak eta gutxiegi" direla. Hori horrela, "egiten ari direna baino askoz gehiago egin daitekeela eta egin beharko litzatekeela" adierazi zuen.

Zabortegia behera etorri zela ia hilabete bat igaro denean, "errealitateak dio Albertok (Soroluce) eta Joaquinek zabor artean lurperatuta jarraitzen dutela", deitoratu zuten senideek.

"Sentitzen dut, orain arte Albertoren eta Joaquinen senideekin partekatzeko izan ditudan bi aldietan, gai izan ez banaiz haien minarekiko hurbiltasuna eta bilaketa-lanak bultzatzeko nire eguneroko konpromiso pertsonala helarazteko", esan die lehendakariak biktimen senideei.

Argitu du baduela erakunde guztien "konpromisoaren" berri, eta baita "tokian bertan eta handik kanpo lanean ari direnen borondatea, ahalegina eta irmotasuna ere, beharrezkoak diren bitarteko guztiak erabilita, Alberto eta Joaquin agertzea lortzeko –Nahiago nuke lehenbailehen balitz!–".

Lehendakariak berretsi du bere konpromisoa "lan egiten jarraitzea" dela, "profesionalen gaitasun tekniko eta trebetasun guztiez", eta lehentasuna "desagertutako bi pertsonen bilaketa" dela.

Bestalde, Pedro Anitua Larrialdien Arretarako zuzendariak azaldu duenez, mendi magalaren egonkortasuna hobetuta eta argiztapen dorreak jarrita, lanak indartu dituzte, eta martxoaren 2an hasi ziren goizeko seietatik gaueko hamaiketara etengabe lanean.