Itxi

Gizartea

Koronaribusa

Osakidetzak 12 medikurekin indartu du zaintza epidemiologikoko taldea

Agentziak | Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak ez du, oraingoz, birusa ez kutsatzeko aparteko neurririk hartuko.

  • Osakidetzako medikuak

    Osakidetzako medikudak. ETBren bideo batetik lortutako argazkia

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 12 mediku gehiago sartu ditu Osasun Publikoko zaintza epidemiologikoko taldean zerbitzu hori indartzeko. Gaur egun 25 pertsonak egiten dute lan talde horretan.

COVID-19 koronabirusaren aurrean hartu beharreko neurriak aztertzeko sailen arteko mahaiaren bilera egin du gaur Eusko Jaurlaritzak. Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez, medikuen eta haien kontaktuen arteko kasu positiboek murrizketa ekarri dute osasun-zentroetan, bereziki Araban.

Zazpi sailburu izan dira sail arteko mahai horretan, eta, azaldu dutenez, oraingoz ez dute birusa ez kutsatzeko aparteko neurririk hartuko ez Gasteizen ez EAEko beste inon.

Astelehen honetan, Espainiako Osasun Ministerioak esan du ez duela baztertzen alerta maila igotzea EAEko eremu "oso zehatzetan"; izan ere, Gasteizen koronabirus kasu baten jatorria ezezaguna da. Neurri horrek mugikortasuna murriztea, ekitaldi jendetsuak kontrolatzea, pertsona taldeak mugatzea eta eskolak ixtea ekarriko luke. Hala ere, oraingoz indarrean dauden prebentzio neurriak mantenduko dituzte, Murgak argitu duenez.

Hiru kasu berrien harira, Murgak jakinarazi du atzo baieztatu zutela Bizkaian izandako lehen positiboa. Osasun egoera onean dagoen gizon bat da, bere etxean dago eta bertatik egingo diote jarraipena; antza denez, Anberesera egindako bidaia baten ostean agertu zitzaizkion COVID-19 gaitzaren lehen zantzuak.

Sailburuak lasaitasunerako deia berretsi du, batez ere Arabako herritarrei; izan ere, bertako zerbitzua bermatuta dagoela esan du.

Halaber, Murgaren esanetan, igandean jarraibideak eman zitzaizkien Osakidetzako osasun-erakundeei profesionalen kolektiboarekin kontu handiz ibiltzeko, eta Osasun Ministerioak berretsi egin zuen erabakia. Orain, neurri horiek zentro soziosanitarioetako profesionalei ere helarazi dizkiete, adinekoen egoitzetakoei barne.

Era berean, profesionalen prestakuntza areagotu egin da, bai hainbat kanalen bidez (intranet, posta elektronikoa, prestakuntza-bideoak), bai gaixotasun infekziosoen, prebentzioaren, larrialdien eta lehen mailako arretaren unitateetako 1.700 profesional baino gehiagorentzako aurrez aurreko ikastaroen bidez.

Gainera, Osakidetzako Osasun Kontseilua langile gehiagorekin osatu eta indartu da, eta otsailaren 26tik 950 dei baino gehiago zenbatu ditu.