Gizartea
Koronabirusa
Biltzar akademikoak bertan behera uzten hasi dira Euskadin koronabirusagatik
Agentziak | Erredakzioa
Gainera, Txagorritxu eta San Eloy ospitaleetako kafetegiak itxi dituzte, bai eta Basurtuko Ospitaleko jantokia ere. Sindikatuek mobilizazio batzuk bertan behera utzi dituzte Osakidetzan.
-
Hainbat biltzar utzi dituzte bertan behera, azken orduetan. EiTBren bideo bateko argazkia.
Koronabirusaren agerraldiaren harira (hamar kasu baieztatu dituzte dagoeneko Hego Euskal Herrian, bederatzi EAEn eta bat Nafarroan), hainbat hitzordu bertan behera uzten hasi dira Euskadin, azken orduetan. Hala, Gasteizko Psikiatria Batzarra irailera arte atzeratu dute, eta Medikuntza Zientzien Akademiaren Giza Zientzien Astea ez dute egingo, Bilbon. Halaber, Gasteizko Txagorritxu eta Barakaldo San Eloy ospitaleetako kafetegiak itxi dituzte, bai eta Basurtuko Ospitaleko jantokia ere. Bitartean, sindikatuek mobilizazio batzuk bertan behera utzi dituzte Osakidetzan.
Horrela, asteazkenetik aurrera Gasteizen 600 aditu baino gehiago bildu behar zituen Psikiatriako Batzar Nazionala bertan behera geratu da, eta irailera arte atzeratu dute hitzordua, prebentzio-neurri gisa.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Osasun Sailaren gomendioei jarraituz erabaki dute aste honetan topaketa ez egitea; izan ere, Estatu osoko psikiatrak eta Osasun arloko langileak ziren joatekoak topaketara, baita EAEko ospitaleetakoak ere (horietako langileen artean lau kasu baieztatu dira azken egunotan).
Egoera horren aurrean, Psikiatrian Eguneratzeko 28. Ikastaro Nazionala irailaren 9tik 12ra bitartean egingo da, Arabako hiriburuko Europa Jauregian.
Bilbon, gaurtik ostegunera bitartean egitekoa zuten Giza Zientzien XLVII. Astea bertan behera uztea erabaki du Bizkaiko hiriburuko Medikuntza Zientzien Akademiak. Testuinguru horretan, ekitaldia aurrerago egitea aurreikusi dute, aurten bertan, baina "egoera aproposagoa denean", Akademiak azaldu duenez.
Hala, erabaki horrek eragina izan lezakeen herritar eta erakunde guztiei barkamena eskatu diete antolatzaileek, eta hartutako erabakia zaila izan arren, "prebentzioaren eta zuhurtziaren hastapenek bultzatuta" hartu dute.
Osakidetzan, Satse, CC. OO. eta UGT sindikatuek langileentzako deialdi batzuk bertan behera utzi dituzte; hain zuzen ere, astearte honetarako, Txagorritxun, Basurtun, Santa Marinan eta Donostia Ospitalean protestak zeuden deituta, langileen "karrera profesionala izateko eskubidea" aldarrikatzeko, sindikatuek ohar batean zehaztu dutenez.
Eskaerak "garrantzitsuak" diren arren, eta "arduragatik", "kutsadura erraztu ahal duten jokabideak" saihestu nahi izan dituzte sindikatuek.
Ondorengo asteotarako aurreikusitako mobilizazioei dagokienez, sindikatuek aurreratu dute osasun-egoeraren bilakaeraren zain ibiliko direla.
Ildo horretan, Gasteizko Txagorritxu eta Barakaldo San Eloy ospitaleetako kafetegiak itxi dituzte, eta gauza bera erabaki dute Basurtuko Ospitaleko jantokian.
Osasun Sailak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin koordinatuta, Arabako eta Gipuzkoako Medikuntza eta Erizaintzako praktikak ere bertan behera uztea erabaki du, prebentzio-neurri gisa, baita zentro horietan beste erakunde batzuek egindako gainerako prestakuntza-jarduerak ere.