Gizartea
Erreportajea
WikiEmakumeok, Wikipedian berdintasuna txertatzen
Eider Garaikoetxea Ortiz de U | EITB.EUS
Wikipedian dauden biografien % 17 bakarrik da emakumezko bati dagokio, bertan idazten dutenen gehienak gizonezkoak dira. WikiEmakumeok genero arrakala hausteko lanean ari dira.
-
Wikilari bat, Loli Lopez Goñi mendizalearen profila editatzen. Argazkia: Wikiemakumeok Facebook
Anek 10 urte ditu. Eskolan, etxeko lan gisa, herriko zein eskualdeko pertsonaia ezagunak zerrendatzeko eskatu diote. Interneten hainbat bilaketa egin ostean, eskolara doa bildutakoarekin eta eskolakideekin alderatu ostean, 10 pertsonako zerrenda osatu dute ikasgelan: zortzi gizon eta bi emakume. Emaitza ikusita, galdera bota die irakasleak: "Orekatuta al dago zerrenda?" "Wikipedian ez dugu besterik topatu, andereño", erantzun dute umeek haserre.
Eskola mailako pasadizo horrek munduko entziklopedia famatu eta bisitatuenean dagoen genero arrakala uzten du agerian. Datuek ondo asko berresten dute. Wikimediak (Wikipedia kudeatzen duen fundazioa) emandako datu ofizialen arabera, euskarazko bertsioan dauden 39.925 biografietatik 6.708 bakarrik dira emakumezkoenak (% 16,80). Ez hori bakarrik, Wikipedian idazten dutenen artean —"editoreak" deitzen zaie— gizonak dira nagusi: % 85 inguru dira.
Wikipediako editorearen profila honakoa da: gizonezko gaztea, 18-30 urte bitartekoa, goi mailako ikasketekin eta osagarriekin (masterrak eta graduondoak) eta seme-alabarik gabea.
Berdintasun eza horren aurrean, 2015ean ekitea erabaki zuten hainbat emakumek (gerora zenbait gizon ere batu zaizkie), nazioartean zein maila lokalean, Wikipediatik arrasto matxista hori kentzen hasteko eta berdintasuna txertatzeko. Hiru helburu zituzten bereziki: Erreferente izan zitezkeen emakumeak bistaratu, editore emakumezkoen presentzia areagotu eta jada idatzita dauden artikuluetan genero ikuspegia erantsi (izan ere, askotan gizonezkoekin duten harremanaren arabera aipatzen dira emakumeak: baten baten alaba, emazte edo arreba direlako). Horrela sortu ziren Women in Red (ingelesez) Wikimujeres (gazteleraz) eta WikieEmakumeok (Euskal Herrian, euskaraz zein gazteleraz) "wikiproiektuak". Azken hori gertutik ezagutzen du Sonia Francisco genero aholkulariak, Etxebarriko (Bizkaia) taldearen dinamizatzailea da eta Wikiemakumeok taldearen parte hartzailea da ia hasieratik.
"EHUko Berdintasun Masterra egiten ari nintzen eta Montserrat Boix irakaslea —Mujeres en Red taldearen sortzailea eta Wikimujeres-eko kidea— Madrilen eta Bartzelonan zeuden edizio taldeez aritu zitzaigun, Euskadin halakorik ba ote zegoen galdetu nion eta Mentxu Ramilo —politologo gasteiztarra— Gasteizen bat sortzen ari zela esan zidan. Etxebarriko Inurtxi emakumeen taldeko kidea naiz ni, eta emakume gazteengana hurbiltzeko modu interesgarria zela iruditu zitzaidan... Aktibismo feminista eta gazteenak erakartzeko moduko proiektu bat bateratzea", kontatu digu Franciscok.
Bost urte igaro dira, eta WikiEmakumeok hazi egin da: gaur egun 30 pertsona daude proiektuan (urteotan 180 inguru igaro diren arren). Lantaldeak dituzte Gasteizen (Mentxu Ramilo buru), Etxebarrin (Inurtxi emakumeen elkartearen eskutik), Leioan (EHUko campusean, Marta Macho Emakunde saridunaren gidaritzapean), Durangon (duela gutxi sortutakoa eta Marisa Barrena irakasle eta psikopedagogoak dinamizatzen duena) eta Donostian (Berdintasun Masterraren baitan, Ibaetako campusean). Egindako lanak, gainera, izan du aitortzarik: iaz Buber saria eman zieten.
211 emakumeren euskarazko biografiak osatu dituzte Wikipedian
Urteotan ia 211 emakumezkoen biografiak idatzi dituzte wikilariok euskaraz (gazteleraz ia 700 izan dira). Marka itzela da, biografia bat zerotik sortzea lan mardula delako: "Pertsona baten profila osatzea egundoko lana da, pertsona horren ikerketatxoa egin behar duzulako. Eransten dugun informazio guztiak egiaztatu ahal duzun iturrietan egon behar du: webgune ofizialak, enpresetako orrialdeak, liburuak edo bestelako argitalpenak, hedabideen webguneak… Blogek eta sare sozialek ez dute balio. Ikertu egin behar duzu, erreferentziak jaso, gutxienez sei edo zazpi, biografia horrek denboran iraun dezan".
Gainera, kontuan hartu behar da Wikipedian idazteko edizioaren klabeak ondo ezagutu behar direla. Honakoetan trebatuta egon behar gara: aipuak zelan sartu, barruko zein kanpoko estekak zelan egin, erreferentzia bat zer den, edota artikulu baten egitura zelakoa den... Bada gehiago: "Wikipedia meritokrazian oinarritutako eremua da, hots, edizioak egiten zoazen heinean lortzen duzu ospea, eta eskuratu ahala, edizio handiagoak egin ditzakezu. Bestela, komunitateak ez dizu berme edo babesi emango", azaldu digu Franciscok.
Hori horrela, WikiEmakumeoken babespean sortzen diren taldeak hilabeteko trebakuntza jaso ohi dute (astean behin geratzen dira). Prestakuntza saio horietan jada idatzita dauden artikuluak hobetzen dituzte edota erabilitako hizkuntza zuzentzen dute, inklusiboagoa edo parekideagoa izan dadin. Taldeak oinarrizko ezagutza duenean, hilabetean behin biltzen da eta dinamizatzaile bat izan ohi du (Wikiemakumeok wikiorrialdean kontsulta daitezke hurrengo hitzorduak). Urtean behin, topaketak egiten dituzte "elkar ezagutzeko, gogoeta egiteko eta gure proiektua indartzeko. Lana da, ahalegina eta motibazioa eskatzen du", dio Franciscok.
Hainbat "wikilari" WikiEmakumeak taldearen topaketa batean. Argazkia: Wikiemakumeok Facebook
Euskarazko Wikipedia indarberrituta dabil azkenaldian, Durangoko taldeak egindako lan eskerga tarteko. 2017tik WikiEmakumeok 120 biografia idatzi dituzte. Marisa Barrena irakasle eta psikopedagogo durangarrak gidatutako taldeak, berriz, 91 profil osatu ditu azken bi urteotan. Sonia Franciscok azaldu digunez, euskaraz dauden profil asko ez daude gazteleraz, eta Nerea Ibartzabal bertsolariaren biografia aipatu digu adibide moduan. "Topaketa batzuetan biografia hobetu eta osatu genuen, baina ez gara gaztelerara itzultzera ausartu. Gazteleraz zorrotzago begiratzen dute gure lana", argitu du.
Erasoen aurrean, emakumeen sarea
Talde lanak berebiziko garrantzia du WikiEmakumeoken. "Wikipedia ez da eremurik atsegina emakumeontzat. Edizioak ezabatzen dizkigute, eta gainerako editoreekin baino zorrotzago jarduten dute gurekin. "Mentxu Ramilo bera Wikipedian ekiten hasi bazen, edizio bat inongo azalpenik gabe ezabatu ziotelako izan zen", aitortu digu genero aholkulariak.
"Gurea sarean dagoen proiektu bat da, baina sare oso bat ere osatu dugu. Elkar babesten dugu, eta edizio bat egiten ari garenean eta zalantzak ditugunean, elkarri laguntzen diogu. Kideak idatzitako biografiak gotortzen edo babesten ditugu, ezaba ez ditzaten edo ahalik eta gutxien ken dezaten", erantsi du.
WikiEmakumeok taldean orotariko lanak egin daitezke, bakoitzaren gustu eta apeten arabera. Sonia Franciscoren hitzetan, "bada jendea editatzen duena, beste batzuek informazioa biltzen dute, beste batzuk falta diren emakumeen zerrendak egiteaz arduratzen dira, zenbaitzuk itzulpenak egiten dituzte..."
Erreportaje hau irakurrita WikiEmakumeok proiektura biltzeko tentazioa eduki ditzaketenei, honako mezua helarazi nahi izan die Sonia Franciscok: "Besteekiko dugun erantzukizunagatik eta belaunaldi berriengatik, oinordetzan jaso ditugun sinergia horiek hausten joan behar gara, gizartea aldatzen lagundu. Wikipedia aldatzen ez badugu, guk pairatu ditugun rol berdinak betikotzen eta elikatzen jarraituko dugu eta".
Bestela esanda, gure Ane txikiaren etxeko lanaren emaitza orekatuago, inpartzialago eta anitzagoa izan dadin.
Hizki handitan idatzitakoak, zein "txikiagoak"
WikiEmakumeok proiektuak sortutako biografien artean denetik dago, jatorri, adin eta ogibide ezberdinetakoak; batzuk bizirik daude oraindik, beste batzuk, historiako liburuetan idatzita geratu beharko lirateke. Bigarren horien artean aipatzekoak dira Jesusa Garitaonadia, Rosa Soroa edo Maria Dolores Larramendi euskal erraketistak, lehen emakumezko kirolari profesionalak. Hain izan zuten sona handia ezen kromo bilduma ere sortu zuten eurekin. Letren munduan, Daniela Albizu Berasategi euskaltzale eta idazlea eta Julene Azpeitia maistra eta idazlea daude zerrendan, besteak beste. Musikan ere aparteko izenak izan dira euskal emakumezkoen artean, Primi Erostarbe Etxeberria panderojolea, berbarako.
Beste emakume batzuk asko dute emateko oraindik. Edurne Larraza Mendiluze informatikari eta irakasle nafarrak, kasu. Beste bi adibide egungo erreferenteen artean: Blanca Fernandez Viguera soziologo eta feminista eta Berdinna saria jasotzen lehena edota Leire Etxaniz pilotaria, emakumezko esku-huskako pilotarien artean txapel gehien eskuratu dituena da.
Dena dela, Sonia Franciscok Wikipedian lekua hartu duten beste emakume batzuk ere aldarrikatu ditu. Akaso ez dira arestian aipatutakoak bezain ezagunak, baina euren herrian, bailaran erreferente dira. Etxebarriko zein Durangoko lantaldeek horiek berreskuratzeko egindako lana goraipatu du Franciscok. Euskaraz osatutakoen artean, bizpahiru adibide gisa: Damaris Pan artista eta irakaslea, Meritxel Relaño soziologo durangarra eta Yemenen UNICEF erakundearen arduradun nagusia izandakoa edota Lara Izagirre zinema zuzendari eta produktore zornotzarra.