Gizartea
Zaldibarko luizia
Desagertutako langileen bila jarraitzen dute Zaldibarren, makineria berriarekin
eitb.eus
Bilaketa lanek B-4 gunean jarraitzen dute, eta azken orduetan B-2 zonaldean ere materiala ateratzen hasi dira.
-
Bilaketa lanak Zaldibarko zabortegiaren B-2 gunean. Irudia: EiTB
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze Zaldibarko luizian desagertutako bi langileak bilatzeko lanek aurrera jarraitzen dute. 'Bulldozer' motako makineria berria hasi da lanean, B-2 gunean materiala ateratzeko eta ingurunea egonkortzeko.
Bitartean, B-4 zonaldean bilaketa eta azterketa lanek ere aurrera jarraitzen dute. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txostenaren arabera, 5.525 tona atera eta aztertu dituzte dagoeneko, horietako 3.825 B-4 gunetik.
Zabortegia egonkortzeko lanei dagokionez, hondakindegiaren goialdean ari dira lanean batez ere, ezponda egonkortzeko eta "suteak berpiztea eragozteko". Gainera, kontrolerako suhiltzaile talde bat bertan dago.
Recortes Cero Euskadik deituta, bi langileen familiei babesa adierazteko eta Zaldibarko zabortegiaren aurka protesta egiteko elkarretaratzea egin zuten ostiralean, Artxandako funikularraren aurrean.
Bestalde, Mario Iceta Bilboko gotzainak beharginak "lehenbailehen" erreskatatzea eskatu du larunbat honetan.
Atzo, Bizkaiko Foru Aldundiak Verter Recycling Zaldibarko zabortegiaren enpresa jabeari xedapen espedientea zabaldu zion, zaborren luiziak AP-8 autobidean eta Ermuko saihesbidean eragindako kalteengatik.
Zabortegiaren inguruko aireari egindako azken azterketek agerian utzi zuten furanoen eta dioxinen mailak "nabarmen" egin duela behera industria hondakinen sutea itzaltzea lortu zutenetik.
Hala ere, Beko-Aixola ubidean zabortegiaren lixibiatuak direla "berretsi" dute azken egunetako laginen azterketek, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak partikula kutsatzaileak murriztea espero.
Azterketen emaitzen berri egunero ematen dute IHOBEk eta URA agentziak.