Gizartea
Osasuna
Koronabirusa zabaldu egin da eta Munduko Osasun Erakundeak arrisku-maila igo du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txinakoak kontutan hartu gabe, 4.351 kasu antzeman dituzte 48 herrialdetan. NBEk prebentzio neurriak premiaz hartzeko eskatu die gobernuei, baina lasaitasunerako deia egin du.
-
Hainbat lagun maskara jarrita, Valentzian. Artxiboko argazkia: EFE
Koronabirusa nazioartean hedatzen ari da. Horren erakusgarri da gaur Nigerian Saharaz azpiko Afrikako lehen kasua detektatu izana. Hori dela eta, Munduko Osasun Erakundeak arrisku-maila igo egin du eta "oso altua" dela ohartarazi du.
Tedros Adhanom Ghebreyesus zuzendari nagusiak azaldu duenez, 4.351 kasu antzeman dituzte 48 herrialdetan. Datu horri Txinan baieztatutako guztiak gehitu behar zaizkio.
Orain arte arrisku-maila hori Txinan soilik zegoen indarrean. Aipatzekoa da azken hiru egunetan herrialde horretan gainerakoetan baino kasu gutxiago detektatu dituztela.
Txinan koronabirus kasuak beherak egiten ari badira ere, azken egunotan gora egin du hildakoen kopuruan. Iranen egoera kontrolatzeko zailtasunak izaten ari dira. Hego Korean gaitza zabaltzea saihesteko neurriak hartzen jarraitzen dute. Japonia iparraldea larrialdi egoera ezarri dute. Eta Zeelanda Berrian lehen kasua detektatu dute.
Bestalde, Europar Batasuneko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak Italiari laguntza emateko eskatu die estatu-kideei. 17 lagun hil dira Italian, eta 650 kutsatuta daude.
Espainian, berriz, 30 bat kasu baieztatu dituztela jakinarazi dute ostiral honetan.
NBEk ez izutzeko deia egin du
Bestalde, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak koronabirusari urgentziaz aurre egiteko prestatzeko deia egin du, baina, aldi berean, lasaitasuna eskatu du.
"Hau ez da izutzeko momentua; behar bezala prestatzeko unea da", azpimarratu du arratsaldean egin duen agerraldian.
"Gobernu guztiek pausu bat aurrera eman behar dute eta eskura duten guztia egin, gaixotasuna gelditzeko, estigma barik eta giza eskubideak errespetatuta", erantsi du.