Itxi

Gizartea

Nafarroako Auzitegia

Figueras jokalari ohia absolbitu dute, eta 'Osasuna auzia' epaiaren zain geratu da

Agentziak | Erredakzioa

Akusatuek azken hitza hartzeko txanda amaitu ondoren, Betiseko jokalari ohiaren inguruko erabakia aurreratu du epaimahaiko presidenteak.

  • 'Osasuna auziko' akusatuak epaiketaren azken saioan. Argazkia: EFE

    'Osasuna auziko' akusatuak epaiketaren azken saioan. Argazkia: EFEFoto: EFE

Jordi Figueras Betiseko jokalari ohia absolbitzea erabaki du Nafarroako Auzitegiak 'Osasuna auzian'.

Akusatuek azken hitza hartzeko txanda amaitu ondoren eta auzia epaiaren zain geratu baino lehen, Jordi Figuerasen inguruko erabakia aurreratu du epaimahaiko presidenteak.

Gainerako auzipetuei dagokienez, "haien jokabidea aztertzeak denbora gehiago eramango du", adierazi du epaileak.

Jordi Figuerasen abokatuak bere bezeroa absolbitu izana baloratu du. Antonio Amaya eta Xavi Torres beste bi futbolari akusatuek "bide bera" jarraituko dutenaren "zalantzarik ez" du Figuerasen abokatuak.

Bestalde, Angel Vizcay Osasunako gerente ohiak azken txandako hitza hartu du ostiral honetako saioan. "Beti egia" esan duela defendatu du Vizcayk.

"Nire helburua Osasunari kalterik ez egitea izan da", azaldu du Vizcayk epaiketaren azken saioan. Epaia bi bat hilabete barru jakinaraztea espero dute.

Era berean, Miguel Archanco Osasunako presidente ohiak azken hitza hartzeko eskubidea erabili du. "Bost urte traumatiko eta sinesgaitz" bizi izan dituela esan du. Ez du ezer ulertu, eta "Vizcayk egin zuena zergatik egin ote zuen buruari mila aldiz" galdetu izan diola aitortu du.

2013-2014 denboraldian, Iruñean, galtzearen truke Betisi ustez 250.000 euro ordaintzea aurpegiratu dio Osasunako presidente ohiak Vizcayri, "hori zuzendaritzak sekula ez zuenean adostu". Hala ere, Valladolidi irabaztearen truke andaluziarrei 400.000 euro ordaintzea adostu zutela onartu du Archancok.

Juan Pascual zuzendaritza gorritxoko kide ohiaren ahotan, "Osasunari kalte egin dion ezer egin izanaren" kontzientziarik ez dute. "Hanka-sartzeren bat egin badut, hemendik barkamena eskatzen dut", gaineratu du.

Era berean, Sancho Bandres talde gorritxoko diruzain ohiak hitza hartu du. Bandresen hitzetan, 2012an Osasunan parte hartzea proposatu ziotenean, kluba "desagertzeko zorian zegoela" ahazten ari dira.

Une bakoitzean "klubaren mesedetan" egin beharrekoa egin zuela uste du Txuma Peralta zuzendaritzako kide ohiak. Osasunatik sekula dirurik hartu ez duela erantsi du.

Diego Maquirriain Osasuna Fundazioko zuzendari ohiak nabarmendu duenez, akusatu zutenetik, berak eta haren hurbilekoek 1.820 eguneko "ankerkeria eta infernua" bizi izan dute.