Gizartea
Zaldibarko luizia
Amonioa antzeman dute berriro Aixolako ubidean, Zaldibarko zabortegitik gertu
Agentziak | Erredakzioa
Konposatu toxikoa den amonio-kopuru handia neurtu dute, berriro, Aixolako ubidean. URAk zehaztu du, nolanahi ere, Aixolako urtegian ez dela inolako gorabeherarik izan.
-
Zabortegiaren ikuspegi bat. Argazkia: EFE.
Luizia izan duen Zaldibarko zabortegiko lurraldean zehar sartzen ari diren likido toxikoetarako bilketa-sistema bat "ahalik eta lasterren" izateko helburuarekin, URA Uraren Euskal Agentzia lanean da. Bitartean, zabortegitik gertu dagoen Aixola ibaiko ubidean konposatu toxikoa den amonio-kopuru handia neurtu dute, berriro ere. URAk zehaztu du, nolanahi ere, ez direla nahastu behar Aixolako ubidea eta Aixolako urtegia; izan ere, azken horretan ez da inolako gorabeherarik izan.
18 egun igaro dira hondakindegian lur-jausia gertatu zenetik; URAk jakinarazi du "zabortegiko likido toxikoak biltzeko beharrezkoak diren lanak" ari dela egiten, likido horiek ingurumenean duten eragina "murrizte aldera". Behin betiko konponbidea izan arte, Uraren Euskal Agentzia likido horiek jasotzen ari da ahalegintzen, ahal den neurrian, eskualdeko ubideetara eta ibaietara hel ez daitezen.
Ezbeharra gertatu aurretik, zabortegiko hondakin solidoen artean sartzen ziren likido toxiko horiek (zeharkatzen duten materialean dauden osagaiak harrapa ditzakete) eskualdeko biltzailera joaten ziren, bildu eta gero. Zaldibarko zabortegiak, "legeak agintzen duenez", likido toxikoak jasotzeko sistema bat zuen, baina luiziak azpiegitura hori hondatu zuen; hortaz, "beste aukera bat ahalik eta lasterren bideratzeko lanean" dabiltza.
Bitartean, URA likidoen irteera kontrolatzen ibili da, eta horien bilketa abiatu du, Aixolako ubidera joan ez daitezen (Ego ibaian isurtzen du ubide horrek). Uraren Euskal Agentziak gogora ekarri duenez, Aixolako urtegia beste kontu bat da; gainera, azken horretan ez da inolako gorabeherarik izan.
URAren behin-behineko lanak dira likido toxikoak jaso eta biltzea, kamioi xurgatzaileen bidez saneamendu-sarera eramateko, eskualdeko araztegian tratatzea helburu. Horren bidez, Aixolako ubidera doan isuriaren zati handia kendu ahal izan dute, eta behar beste eutsiko diote horri, "beharrezkoak diren aldaketak eta hobekuntzak ezarrita", behin betiko irtenbidea izan arte. Azken irtenbide horretan, eskualde-saneamendura joango dira berriro ere likido guztiak, "luizia gertatu aurretik egiten zen moduan".
Eguneroko kontrolak
Bestalde, URA Beko ubidean (Aixolakoan) eta Ego ibaiko ubidean eguneroko kontrolak ari da egiten, hilaren 7tik. Kontrol horiek ez dute zerikusirik "sareko edateko uraren egoerarekin"; izan ere, edateko ura "modu guztiz independentean ateratzen da".
Gipuzkoako Ur Partzuergoak eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak hornitzen duten edateko ura (Eibar eta Ermua eta Zaldibar hornitzen dituzte, hurrenez hurren) "monitorizatuta" dago, eta kontrolak abala ematen ari zaizkie osasun-kalitateari.