Gizartea
Zaldibarko luizia
Gasteizek Zaldibarrera zihoazen 23.000 tona hondakin har litzake
Agentziak
Udalak egindako txosten baten arabera, Gardelegi zabortegiak hondakin kopuru hori har lezake, betiere "hondakin ez arriskutsuak" badira.
"Arabako enpresek sortutako 23.000 tona hondakin" hartzeko moduan dago Gardelegi zabortegia, Gasteizko Udalak egin duen txosten baten arabera. Zaldibarko hondakindegia amildu ostean, laguntza eskatu zien Eusko Jaurlaritzak EAEko zabortegi publikoei, eta horren harira, Gasteizko Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Sailak txostena egin du Gardelegik Bizkaira eramaten zituzten hondakinetatik zenbat har zezakeen zehazteko.
Txosten horren nondik norakoak azaldu ditu gaur Cesar Fernandez de Landa Saileko arduradunak. Adierazi duenez, "Arabako hondakinak hartzeko betebehar publikoa" du Gardelegik, eta azpimarratu du "hondakin ez arriskutsuak" soilik jasoko dituela. Fernandez de Landaren hitzetan, 23.000 tona horiek "zabortegiaren egungo edukieraren % 3" dira, "urtero jaso ohi duena baino % 23 gehiago". Gehienez urtebetez jasoko lituzkete hondakinak, horren arabera.
Hondakin horiek hartzeak eragingo lukeen kostu ekonomikoa salatu dute EH Bildu eta PP alderdiek. Miren Larrion koalizio abertzalearen bozeramaileak azaldu duenez, "Gardelegiren tasak gainerako zabortegienak baino txikiagoak dira. Tonako 50 euroko defizita du hondakindegiak; beraz, 20.000 tona hartuta milioi bat euroko defizita izango genuke. Gasteiztarrok ordainduko dugu. Elkartasunaren izenean lehen ez genituen kostuak izan behar baditugu, ordain dezala kutsatzen duenak, ez Gasteizko herritarrek".
Bestalde, Alfredo Iturricha PPko zinegotziak "Jaurlaritzarekin finantzazio akordioa" izenpetzeko eskatu dio Udalari, "ez dakigu-eta zein izango den hondakin horiek hartzearen eragin ekonomikoa". Iturricharen iritzian, "egingo dugun ahalegin hori konpentsatu beharko dute".
Kritika horien aurrean, Gardelegiko "egungo tasak" eguneratzeko prest agertu da EAJren zinegotzia, eta Jaurlaritzak "auzia modu globalean" hartuko duela uste du. Fernandez de Landak azpimarratu du bat datorrela kutsatzen duten enpresek gastua bere gain hartzeko eskariarekin.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari ere galdetu diote hondakinen krisiaren auziaz. "Aldundiak ez du inongo eskakizunik jaso, eta ez du horren inguruko informaziorik", erantzun du.