Itxi

Gizartea

Emakumearen Nazioarteko Eguna

Emakumeen ahalduntzea indartzen jarraitzeko deia egin du Emakundek

eitb.eus

Berdintasunaren aldeko eta emakumeen eskubideen aldeko lana atzetik datorren katea dela azpimarratu nahi du Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira egindako kanpainak.

1:21
Kanpainaren aurkezpena

Martxoaren 8an ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, emakumeen berdintasunaren eta ahalduntzearen katea indartzen jarraitzeko helburua duen kanpaina abiatu du Emakundek.

"Katerik gabe, katean" lelopean, emakumeek beren eskubideen aldeko borrokan duten duten batasuna, talde-lana, berdintasunaren aldeko lanaren belaunaldien arteko transmisioaren beharra eta emakumeen ahalduntzea bultzatzen jarraitzeko premia irudikatzen du.

Horrela, berdintasunaren aldeko eta emakumeen eskubideen aldeko lana atzetik datorren katea dela azpimarratu nahi du Emakundek. Halaber, iraganean eskubideak lortzen eta berdintasunaren aldeko urratsak ematen joan diren emakume horiei guztiei omenaldi bat egiteko modu bat da, eta belaunaldi berriei dei bat egiteko, kateari jarraipena emateko eta emakumeen ahalduntzea indartzen jarraitzeko.

Ildo horretatik, duela 25 urte emakumeen eskubideak sustatzeko mundu mailan inoiz izan den planik aurrerakoiena onartu zela gogora ekarri du Emakumearen Euskal Erakundeak ohar batean, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataforma aipatuz. Zehazki, emakumeen ahalduntzea garapenerako funtsezko estrategia izan zela nabarmendu du Emakundek.

Horrez gain, aurten 15 urte betetzen dira berdintasun-politiken aurrerapenean mugarri izan zen Berdintasunerako Euskal Legea onartu zenetik, eta 5 urte Garapen Iraunkorreko Helburuak onartu zirenetik. Kasu horretan, "genero-berdintasuna eta emakumeen eta nesken ahalduntzea" du helburuetako bat.

Urteurren horiek bat datoz aldarrikapen feministen gorakadarekin, bereziki gazteen artean, azken bi urteetako martxoaren 8ko azken mobilizazioetan agerian geratu den bezala.

Beraz, kanpaina horrek hamarkadetan emakumeen eskubideen alde lan egin duten pertsonen eta gazteen arteko topaketa irudikatu nahi du, eta, transmisio horren beharra azpimarratu, gizarteak aurrera egiten jarraitzeko eta berdintasun-espazioak irabazten jarraitzeko.