Gizartea
LUIZIA ZALDIBARREN
Urkulluk autokritika egin du, Zaldibarko luiziaren ondoren izandako erreakzioagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zabortegien kudeaketa publikoa indartu beharko litzakeen galdetuta, lehendakariak esan du industria hondakinen inguruko beste politika bat pentsatu beharko dela.
Zaldibarko luiziaren ondorengo ordu eta egunetan izan zuen erreakzioagatik autokritika egin du Iñigo Urkullu lehendakariak. Otsailaren 6an etorri zen behera Eitzagako zabortegia, eta ordutik bi langile daude desagertuta. Hasieran, "enpresa pribatu batean izandako istripu gisa" hartu zuela gertatutakoa aitortu du lehendakariak, eta horregatik ez omen zen joan ezbeharraren tokira, beste lan-istripuetan halakorik egiten ez duelako.
Deia egunkariari eta Vocento taldeko egunkariei eskainitako elkarrizketa banatan egin ditu adierazpenok Urkulluk. "Akaso, ez nuen ondo neurtu ezbeharraren eragin soziala eta emozionala", esan du. Bere agintaldiaren "une emozional garratzena" bizi duela nabarmendu du.
"Zer gertatu da?" galderari, honela erantzun dio lehendakariak: "Ostiralean, luiziaren biharamunean, Eusko Legebiltzarrean geunden guztiok, eta inor ez zitzaidan gerturatu Zaldibarri buruz galdezka. Atzerago eginda, gogoan dut Legebiltzarraren atera heldu nintzenean, kazetariak etorri zitzaizkidala. Inork ez zidan Zaldibarri buruz galdetu. Hauteskunde deialdiari buruzko kezka genuen buruan, eta horrela igaro genituen ia 48 ordu. Astelehenean, Legebiltzarra desegitea erabaki genuenean, bozeramaile guztiekin jarri nintzen harremanetan, idatziz. Inork ez zidan Zaldibarri buruz ezer esan".
Gertatutakoari buruzko azalpenak agian berandu eman zituela ere esan du, baina horren arrazoia "informazio zehatza eta egiazkoa" jaso zain egon izanari egotzi dio. Ez dutela "hasieratik erralatoa eraikitzen asmatu" esan du. "Autokritika egiten dut, lehenengo egunetik behar zen errelatoa ez dugulako helarazi, informazio egiazkoaren zain egon garelako", zehaztu du.
Desagertuta dauden langileak aurkitzea dela, orain, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna eta ahalegin guztia horretara bideratuko dutela agindu du. Zabortegian piztutako sutearen ondorioz, eta dioxina eta furano maila altuak zirela-eta, herritarrei emandako aholkuak "akaso, gehiegizkoak" izan zitezkeela ere adierazi du. "Arriskuak ekiditeko neurriak izan ziren, eta beti, adituen iritzia jarraituta hartutako erabakiak izan dira", gehitu du.
Zabortegian atzemandako irregulartasunen aurrean Jaurlaritzak zuzen jokatu ote duen argitzeko, auditoria bat egingo dela esan du Urkulluk, "kontrol mekanismoak nolakoak izan diren jakiteko". Bide horretan, Verter Recyclingen enpresaren jarduera ere zorrotz aztertuko dutela hitz eman du.
Zabortegien kudeaketa publikoa indartu beharko litzakeen galdetuta, berriz, lehendakariak esan du hondakinen inguruko beste politika bat pentsatu beharko dela, batez ere, industriak sortzen dituen hondakinak bideratzeko.