Itxi

Gizartea

Luizia Zaldibarren

Zabortegien kudeaketa publikoa eskatu du Zero Zabor Bizkaian plataformak

Agentzia | Erredakzioa

Plataforma ekologistaren arabera, Zaldibarko zabortegian gertatutakoa "ez da istripu bat", baizik eta zaborren kudeaketaren egungo "ereduaren ondorioa".

  • Zaldibarko zabortegia.

    Zaldibarko zabortegia. Artxiboko irudia: EFE

Zero Zabor Bizkaian plataforma ekologistaren arabera, Zaldibarko zabortegian gertatutakoa "ez da istripu bat", Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren "zaborren kudeaketa ereduaren ondorioa" baizik. Zabortegiek "negozio pribatua" izateari utz diezaioten eta kudeaketa zein kontrol publikokoak izan daitezela eskatu dute.

Erakunde ekologistako ordezkariek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean egin dute prentsaurrekoa, eta, bertan, zabortegiaren "irregulartasun larriak" eta haren "kontrol falta" salatu dituzte.

"Eusko Jaurlaritzak — jardueraren kontrolaz arduratzen denak — ez zekien zer zegoen han", adierazi du Miren Basaldua plataformako kideak, eta zabortegian utzitako hondakin moten eta jatorriaren informazioa eskatu du.

"Etekinak" bilatzen zituen "negozio pribatuan", zabortegian, "dirudienez, nahi zutena egiten ari ziren". Hortaz, Basalduak instalazio horien kontrol publikoa eskatu du.

Era berean, "lehentasun handiena" hilaren 6az geroztik hondakinen azpian lurperatuta dauden bi langileen gorpuak erreskatatzeari eman diezaiotela azpimarratu dute ordezkari ekologistek.

Instalazioa erortzearen arrazoiak argitzeko eta zabortegian utzitako hondakinei buruzko informazioa emateko eskatu dute, bereziki amiantoaren ingurukoak. Halaber, airean, uraretan eta lurzoruan eragindako kalteari buruzko informazioaren gardentasuna eta berehalakotasuna eskatu dute.