Itxi

Gizartea

Berdintasuna

Enpresetan generoaren balioa neurtzeko kontabilitate eredu bat sortu dute

Agentziak | Erredakzioa

Sortutako kontabilitate-eredua enpresa eta erakunde mota guztietan erabiltzeko helburuaz diseinatutako kalkulu-orri batean oinarritzen da.

  • Azterlanaren aurkezpena

    Azterlanaren aurkezpena. Argazkia: Emakunde

Jose Luis Retolaza eta Leire Gartzia Deustuko Unibertsitateko irakasleek kalkulu-tresna bat garatu dute, enpresa batean langileen generoaren araberako soldata-diferentzialik dagoen ikusteko.

Biek "erakundeetan generoaren balio soziala diru-unitateetan kuantifikatzea: analisi eta esku-hartze proposamen integrala" izeneko azterlana egin dute, eta ostiral honetan aurkeztu dute, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan.

Egileek GWEI (Gender Wage Equality Index) indizea sortu dute, enpresa batean lan egiten duten gizon eta emakume kopuruaren eta soldata masaren sexuaren araberako banaketaren artean orekarik dagoen ala ez aztertzeko.

Bi datu horien arabera, formula bat sortu da ordainsarian berdintasunik dagoen zehazteko; izan ere, Retolazak azaldu duenez, konpainia batean gizonen % 60 eta emakumeen % 40 badaude, ekitatearen kasuan, generoaren araberako soldata-masaren banaketa antzekoa izan beharko litzateke.

Metodologia hori dagoeneko eskura dute "kudeaketa hobetu" nahi duten konpainia eta erakundeek, irakaslearen esanetan, eta azaldu du enpresek horren inguruan ematen dituzten datuak "sinesgaitzak" direla, eta, gainera, metodologia desberdinak erabiltzen direla; beraz, ondorioak ez dira homogeneoak, ezta konparagarriak ere.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak esan du enpresek ez dutela "tresna egokirik" berdintasunaren arloan lortu dituzten aurrerapenak "ikusarazteko", eta nabarmendu du azterlan horrek "erraz aplikatzeko tresna bat" aurkezten diela, zein egoeratan dauden zehazteko.