Itxi

Gizartea

'Osasuna auzia'

Osasunako bi kontu-ikuskarik "justifikatu gabeko" bi diru-irteera antzeman zituzten

Agentziak | Erredakzioa

Astelehen honetan, bi adituk deklaratu dute 'Osasuna auzia'ren epaiketan, eta eskudirutan egindako bi ordainketa aipatu dituzte; bata 1,4 milioi eurokoa da, eta bestea, aldiz, 900.000 eurokoa.

  • 'Osasuna auzia'ren aurreko saio bat.

    'Osasuna auzia'ren aurreko saio bat. Argazkia: EFE.

Osasunan kontu-ikuskaritza egin zuten BDO enpresako bi adituk haien iritziz "behar bezala justifikatuta ez zeuden eskudirutan egindako ordainketa batzuk" egiaztatu zituzten klubean, astelehen honetan adierazi dutenez.

Hain zuzen ere, Osasuna auziaren epaiketan deklaratu duten bi adituek eskudirutan egindako bi ordainketa izan dituzte hizpide: bata 1,4 milioi eurokoa da, kontratu batean agertzen zen, eta hainbat faktura zituen, egoitza Madeiran duen Flefield enpresaren izenean; bestea, aldiz, 900.000 eurokoa da, eta bi higiezin-agenteren izenean egin zuten, Osasunarenak ziren aktiboak garatu eta sal zitzaten.

Bi eragiketa horien "euskarri dokumentala ez da egokia, eta deigarria egin zaigu ordainketa eskudirutan egin izatea", esan dute bi adituek. Kirol Kontseilu Nagusiak eskatu zion Ligari kontu-ikuskaritza hori, eta horregatik egin zuten biek.

Flefield enpresari dagokionez, azaldu dute kontratuan agertzen dela horrek aholkularitza- eta 'scouting'-lanak egin behar zituela (azken hori da jokalari jakin batzuei jarraipena egitea, balizko fitxaketarik egiteko): "Kontratuan ez dago zehaztuta nork sinatzen duen Flefielden aldetik ezta Osasunaren aldetik ere. Eskatu genuen emandako zerbitzuaren gaineko frogaren bat, eta ez genuen erantzunik izan. Kontratua duen zerbitzu batengatik 1,4 milioi euro ordainduz gero, espero genuen begien bistako zerbait topatzea", azaldu dute.

900.000 euroko hartze-agiriaren gainean (arestian esan bezala, bi higiezin-agentek sinatu zuten; auzipetuta daude biak), BDOko langileek esan dute hartze-agiria bazegoela, "baina ez zegoen frogatuta zein izan zen emandako zerbitzua. 900.000 euro horiek ere eskudirutan ordaindu zituzten".

"Lana egin zutenean, Osasunaren aktibo horiek saldu gabe zeuden", nabarmendu dute.

Galdetu ere galdetu diete klubak egindako beste zenbait diru-mugimenduren gainean, hain zuzen ere ordezkaritza- edo dieta-gastu batzuen gainean; adituek onartu egin dute egon badagoela dietetan justifikatutako 50.000 euroko gastua, "baina ez dugu egiaztatzerik izan onuradunei banatu izana". Dena dela, gastu-kitapen batek euskarria ematen dio, "eta gure irizpidea da ez ematea garrantzirik puntu jakin horri".