Gizartea
Epaiketa
Willy Toledo: "Ateoa naiz eta 'kaben dio' esaten dut egunero"
Agentziak | Erredakzioa
Aktorea gaur epaitzen ari dira, sentimendu erlijiosoei irain egitea leporatuta. Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak 22 hilabeteko zigorra eskatu du berarentzat.
-
Willy Toledo aktorea. Artxiboko argazkia: EFE
Willy Toledo aktorea epaitzen ari dira gaur, astelehena, kontzientzia askatasunaren aurkako delitua egotzita eta sentimendu erlijiosoak iraintzea eta justizia oztopatzea leporatuta.
"Ateoa naiz eta 'kaben dio' esaten dut egunero, adibidez plater bat oineko behatz lodira erortzen zaidanean, herritar gehienak bezala. Nahi dudan guztia esaten jarraituko dut", esan du Toledok epaitegira sartu aurretik.
"Ez dugu ideiarik ere zer gerta daitekeen, erabakia epailearen araberakoa izango baita, deliturik dagoen edo ez alde batera utzita. Ikusiko dugu", azpimarratu du aktoreak, eta Fiskaltzaren "irizpide aldaketa harrigarria" dela gaineratu du.
Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak jarri zuen aktorearen aurkako salaketa, 2015ean eta 2017an Facebooken zabaldutako mezu batzuetan Jainkoa eta Ama Birjina iraintzen zituela iritzita. Hori dela eta, 22 hilabeteko zigorra eskatu du Willy Toledorentzat. Fiskaltzak eta Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu dute, polemika piztu duten mezu horiek adierazpen askatasunaren baitan kokatuz.
Aktoreak hogei manifestari ingururekin egin du topo epaitegira iritsi denean. "Mordaza Legea" indargabetzeko oihuen artean eta "adierazpen askatasunagatik" ezin dela inor zigortu esanez, babesa adierazi diote Willy Toledori. Halaber, begizta berdeak zituzten pertsona batzuk ere egon dira aktorearen zain, bere hitzak aurpegiratzeko asmoz, eta "fedea errespetatzea" eskatu diote.
Toledo Abel Azcona artistarekin batera izan da. Abokatu Kristauen Elkarteak Azconaren aurkako salaketa aurkeztu zuen, ostia sakratuak erabili zituen erakusketa bategatik.
"Adierazpen horiek itsusiak izan daitezkeen arren, eta pertsona batzuk irainduta sentitu arren, adierazpen askatasunaren babespean eginda daude, kritika politikoaren testuinguruan kokatzen badira bereziki. Norbait iraintzen duten adierazpen guztiak delitu balira, pertsona gehiago egongo lirateke espetxe barruan kanpoan baino", esan du Willy Toledoren abokatuak, Endika Zuluetak.
Ildo horretatik, sentimendu erlijiosoen aurkako delitua despenalizatzea eskatu du Zuluetak ohar batean, eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkartearen jarrera kritikatu du.
Halaber, "ziur" agertu da Toledo "azkenean absolbitu" egingo dutela, eta delitu erlijioso bat leporatuta Espainian auzipetzen duten azken pertsona izango dela uste du. Izan ere, bere iritziz, delitu hori Zigor Kodetik kanpo egon beharko litzateke "1978tik gutxienez".
"Fededunen aurka jotzeko hain ausarta bada, ondorioei aurre egiteko ere ausarta izan dadila", esan du Polonia Castellanos Abokatu Kristauen Elkarteko presidenteak.
"Adierazpen askatasuna gauzatzeko ez da beste eskubide baten aurka egin behar", salatu du Castellanosek, eta Fiskaltzaren jarrera berriarekin "harrituta" agertu da, "prozedura hau guztia beraiek hasi zuten eta".