Gizartea
ARAZOAK HONDAKINEKIN
Gipuzkoako Aldundiak bilera deitu du mankomunitateekin, zabortegi industrial ezagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Orain arte Zaldibarrera, Mutiloara eta Epelera eramaten ziren hondakin industrial ez arriskutsuak. Horietara ez dago gehiago ezer eramaterik; beraz, egoera aztertu eta irtenbideak aurkitu nahi dira.
-
Otsailaren 6an gertatu zen Zaldibarko zabortegian lur-jausia. Argazkia: EFE
Gipuzkoa Foru Aldundiak mankomunitate eta agente ekonomikoak bilduko ditu datorren astean, Gipuzkoako hondakin industrial ez arriskutsuekin zer egin erabakitzeko. Orain arte Zaldibarrera, Mutiloara eta Epelera eramaten zituzten, baina hori ez da jada posible izango eta hondakin horiekin zer egin erabaki beharra dago.
Mutiloako Lurpe zabortegia "topera dago" eta aste honetan bertan, Zaldibarko krisiaren erdi-erdian, ixtera doala iragarri du Cespa enpresak. Otsailaren 29a izango da hondakinak uzteko azken eguna. Hortik aurrera, han dauden milaka tona hondakinak kudeatzen jarraituko dute eta zigilatze lanei ekingo diote, urteak iraun ditzakeen prozesu bati, hain zuzen ere.
Bergarako Epele zabortegia ere beteta dago.
Foru Aldundiak berak komunikabideetara bidalitako ohar batean dioenez, "gai hau ez da berez Aldundiaren eskumenekoa" baina bilera egitea erabaki dute, "ingurumenean eragin zuzena duen arazo honi erantzuna eman beharra dagoelako, eta lurraldeko agente eta erakunde ezberdinek hala eskatu digutelako".
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak esan duenez, "Gipuzkoak arazo bat du hondakin industrial ez arriskutsuekin, ingurumenean eragina duen arazo bat, eta konomian zein enpleguan ere ondorioak izan ditzakeen arazoa". "Lurralde guztiari eragiten dion arazoa da eta guztiok, bakoitzak bere esparrutik, zerbait jarri behar dugu irtenbide bat aurkitzeko" gaineratu du.
Bilera astelehenean bertan egiteko asmoa dute. Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean dago eta informatuta izango dute arazori irtenbidea aurkitzen lagun dezan.
Gipuzkoan sortzen den hondakin industrial ez arriskutsuen kopurua, behar dituzten tratamenduak eta egon daitezkeen aukerak aztertu nahi dituzte.