Itxi

Gizartea

Zabortegia

Kirola ez egitea eta etxea ez aireztatzea gomendatu dute Zaldibar, Ermua eta Eibarren

eitb.eus

Dioxinak eta furanoa atzeman dituzte airean, Zaldibarko zabortegiko sua dela eta. Partikula horiek ez dira arriskutsuak epe laburrean, baina bai epe luzean eta esposizio jarraituen ondorioz.

Sutea Zaldibarko zabortegian. Argazkia: EFE

Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren inguruko airea, ez da kalitate guztiz onekoa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera. Azken azterketek dioxina eta furano ezohiko maila altuak neurtu dituzte. Erretako plastikoek eragiten dituzten substantziak dira. Ez dira kaltegarriak, baina bai luzez arnasten badira. Horregatik bi gomendio eman dizkiete Zaldibarko, Ermuko eta Eibarreko bizilagunei: aire librean ariketa fisikorik ez egin eta etxeak ez aireztatzea.

Zabortegia behera etorri zen otsailaren 6an, eta luiziak bi langile harrapatu zituen. Oraindik ez dituzte beharginak topatu. Gainera, hondakinen artean suteak piztu ziren, eta oraindik ez dituzte itzali.

Suteen ondorioz, metro kubikoko 700 zentigramo dioxina eta furano antzeman zituzten otsailaren 9an, hirigune batean normala baino 40 aldiz gehiago.

Aire librean ariketa fisikorik ez egiteko gomendioak Eibar-Reala lehen mailako partidari eragin diezaioke. Gipuzkoako bi taldeak euskal derbia jokatzekoak dira Ipuruan, igandean.

Bestalde, Mallabian, Ermuan eta Zaldibarren, aire librean egiten den eskola kirola bertan behera geratu dela iragarri du gauerdian Bizkaiko Aldundiak.

Laginak sutetik gertu hartu zituzten otsailaren 9an. Arratsaldera arte ez dute emaitzen berri eman, laborategi gutxi batzuk azterketa konplexuak egiteko kapaz direlako.

Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak prentsaurrekoan, Bilbon, azaldu duenez, neurri "prebentiboak eta bermatzaileak" dira. Gorputzean dioxina eta furanoa pilatzeko esposizio "luzerik" ez bada gertatzen, ez da osasunerako arriskutsua, erantsi duenez.

Partikula toxikoek epe luzera minbizia eragin dezakete gorputzean pilatzen badira. Plastikoak eta kloroa erretzen direnean sortzen dira partikulak.

Etxebizitzak ez aireztatzea, leihoak ixtea, eskatu du sailburuordeak, batez ere gauean tenperaturaren inbertsioa gertatzen denean , baita aire librean ariketa fisikorik ez egitea ere.

"Epe laburrera" dioxinekiko esposizioaren eragina oraindik egiaztaturik ez dagoela errepikatu du agintariak. Viktor Yustxenko Ukrainako presidentea substantzia horrekin pozoitu zuten 2004an. Aurpegia desitxuratu zioten.

Berraondok zehaztu duenez, lehentasuna zabortegiaren goialdean suteak itzaltzea da. Laginak hartu zituzten egunetik suak indarra galdu duela nabarmendu du buruzagiak.

Azterketen emaitzen eta gomendioen berri eman diete dagoeneko hiru alkateei, lehendakariari, Eusko Jaurlaritzari eta luiziaren jarraipena egiten ari den mahai teknikoari, sailburuordeak azaldu duenez. Mahai teknikoa larunbat honetan bilduko da berriro.

Eibar-Reala igandeko norgehiagokaren inguruan galdetuta, azken erabakia "eskumenak dituzten erakundeek" hartu beharko dutela esan du Berraondok. Horrela, Futbol Liga Profesionalak eta Federazioak hartu beharko dute erabakia, baina oraindik txostenaren berri eman ez dietela onartu du.