Gizartea
Lur-jausia Zaldibarren
EAJren aurkako kartelak jarri eta zarama poltsak utzi dituzte hamar batzokitan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzarrek zuzentzen duen alderdiak ETAko kide ohi bati leporatu dio Zaldibarreko zabortegiaren luiziaren kudeaketa salatzeko protesta sustatu izana.
EAJk salatu du hamar batzokitan zarama poltsak eta gorotzak utzi eta "mehatxuak eta irainak" zituzten hainbat kartel jarri dituztela bart.
Zaldibarreko zabortegiaren lur-jausiaren kudeaketa salatzeko protesta ekintza izan da. Joan den ostegunetik bi langile desagertuta daude.
Algorta, Sopela, Ugao, Galdakao, Zalla, Mungia, Elorrio eta Basauri batzokietan bota dituzte zarama poltsak, baita Antiguako eta Altzako batzokietan ere.
EAJk Aitor Elizaran ETAko kide ohiari egotzi dio Zaldibarreko zabortegiaren luiziaren kudeaketa salatzeko batzokien aurkako protesta sustatu izana.
Andoni Ortuzarrek zuzentzen duen alderdiak publiko egin du Elizaranen kontrako salaketa, bere Twitter kontu ofizialean arratsaldean idatzi duen mezuaren bidez.
EAJ-PNVk salatzen du ETAko buru izandako Aitor Elizaranek (@ElizaranAitor) gure batzokiak erasotzeko eta gure alderdikideak jasartzeko kanpaina sortu eta abian jarri duela, bere gizarte sareetan jasota dagoen legez. pic.twitter.com/mIwicOry0F
— EAJ-PNV (@eajpnv) February 12, 2020
Ordu batzuk geroago, Elizaranek beste mezu batekin erantzun die jeltzaleei, eta une honetan bere bihotza Zaldibarreko zabortegian desagertuta dauden bi langileekin eta haien senideekin dagoela azpimarratu du.
"Herri hau gorroto duten ukiezinei nire mespretxu osoa", erantsi du.
Momentu hauetan ere nire bihotza Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranekin eta euren senideekin daude eta egongo dira.
— Aitor Elizaran Aguilar (@ElizaranAitor) February 12, 2020
Herri hau gorroto duten ukiezinei nire mespretxu osoa. https://t.co/pawq9XbcRx