Gizartea
Lur-jausia Zaldibarren
EH Bilduk Urkulluren agerraldia eskatu du, Zaldibarko zabortegiko luiziaren harira
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koalizio subiranistak uste du gertakari larri horren inguruko azalpenak eman behar dituela lehendakariak, eta hauteskundeen deialdia ezin daitekeela "bere ardurari ihes egiteko" aitzakia izan.
-
Iñigo Urkullu lehendakaria. ETBko bideo batetik hartutako irudia
EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia eskatu du Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, Zaldibarko zabortegian izandako lur-jausiari buruzko azalpenak eman ditzan.
Koalizio subiranistak uste du Eusko Jaurlaritzak ezin duela hauteskundeen deialdia aitzakia gisa erabili gertakari larri horren aurrean dauzkan ardurak saihesteko.
Zaldibarko zabortegiko luizia joan den ostegunean izan zen. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak 500 tona hondakin eta lur azpian harrapatuta geratu ziren, eta oraindik ez dituzte erreskatatu.
"EH Bilduk ez die Urkullu lehendakariari eta bere gobernuari utziko hauteskundeen aurrerapena eta horren ondoriozko Legebiltzarraren desegitea ihesbide gisa baliatzen Zaldibarko zabortegiko ezbeharrean dituzten erantzukizunak saihesteko", adierazi du ohar batean.
Luizia gertatu aurretik eta ondoren Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketaren xehetasunak argitzea nahi du koalizioak.
"Urkulluk aurpegia eman behar du, gertaera horrek ardurak berehala garbitzea eskatzen duelako eta zehatz-mehatz azaldu behar duelako nola izan den posible horrelako zerbait gertatzea Ingurumen Sailak duela hilabete asko egiaztatu baldin bazuen zabortegi horretan irregulartasun larriak egiten ari zirela araudia betetzeari zegokionean", azpimarratu du.
EH Bilduren iritzian, "egunak pasa ahala gero eta argiago dago Urkulluren Gobernua utzikeriaz aritu dela eta ez dituela bere ardurak behar bezala bete, eta horren emaitza begien bistakoa da: bi langile desagerturik eta ingurumen kalte larriak inguruan".
Horrez gain, "lidergo eta enpatia falta" egotzi die lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzako sailburuei.
Amaitzeko, koalizio subiranistak salatu du Zaldibarkoa "gaizki egindako gauza askoren ondorioa" izan dela, eta "ez hondamendi naturala". "Zabortegiaren jabeek ez dute ingurumen arloko araudia bete, eta EAJ-PSE gobernuak huts egin du kontroletan, zabortegiari zabalik jarraitzen utzi diolako irregulartasunak ezagutzen zituen arren", gaineratu du.
Jaurlaritzaren eta patronalaren jarrera salatu dute ELAk eta LABek
Bestalde, Mikel Lakuntza ELA sindikatu idazkari nagusiak esan du "oso tristea eta, aldi berean, larria" dela Eusko Jaurlaritzak desagertutako bi langileen familiekin erakutsi duen "humanitate falta".
Lan-istripuei aurre egiteko, prekarietateaz hitz egin behar dela azpimarratu du. "Azken hamarkadetako prekarietatea gobernuek eta patronalek aurrera eramandako programen ondorioa da", ohartarazi du.
"Lan-istripuak ikertzen ditugunean, hainbat elementu errepikatu egiten dira: azpikontratazioa, soldata baxuak, arriskua eta babesgabetasuna", erantsi du.
Xabier Ugartemendia LAB sindikatuko ordezkariak, berriz, gogor kritikatu du Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak gaur goizean egindako adierazpenak.
Bizkaiko patronalaren presidenteak esan du lan-istripuei buruzko datuak "gero eta hobeak" direla, 2019an 2018an baino ezbehar larri gutxiago izan zirelako.
Ugartemendiak eskandalutzat jo du Garcinuñok hori esatea, "bi langile lur azpian desagertuta daudenean". "Lotsagarria, eskandalagarria eta nazkagarria iruditzen zaizkigu adierazpen horiek", adierazi du.