Gizartea
Lur-jausia Zaldibarren
Gorpuak erreskatatzeko borondate falta salatu du zabortegiko langile baten familiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran ostegunetik daude hondakinen artean harrapatuta. Solaluzeren senide batek salatu du bilaketa-lanei buruzko informazio oso gutxi jasotzen ari direla familiak.
-
Zaldibarreko zabortegia. Argazkia: EFE
Zaldibarreko zabortegiko lur-jausian desagertu ziren bi langileen gorpuak bilatzeko "borondate seriorik ez" dagoela salatu du behargin horietako baten familiak.
Helene Alberdi Alberto Sololuzeren iloba da. Bere osaba joan den ostegunetik dago zabortegiko hondakinen artean harrapatuta. Familiek bilaketa-lanei buruzko informazio gutxi jasotzen dutela kritikatu du.
Gertakaria jaso zenean "min handia" sentitu zuela esan du, baina orain, bost egun igaro direnean, "amorrua eta ezintasuna" sentitzen dutela azpimarratu du. "Egoera hau jasanezina da senideontzat; hilotzak topatzea behar dugu, hileta duin bat egin eta honekin guztiarekin amaitzeko", erantsi du.
EFE agentziari egindako adierazpenetan, komunikabideengandik jasotako deiak eskertu ditu, baina onartu du hau guztia kudeatzea gehiegizkoa dela eta dena abokatu baten esku utzi dutela. Halaber, familiak datozen egunetan agerraldi bat egingo du, gertatutako guztiari buruzko iritzia publikoki adierazteko.
Zaldibarreko zabortegiko luizia joan den ostegunean izan zen. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak 500 tona hondakin eta lur azpian harrapatuta geratu ziren. Bilaketa-lanak atzo geldiarazi zituzten, lurzorua ezegonkor zegoela eta lur-jausiak izan zitezkeela argudiatuta.