Gizartea
Luizia
Zaldibarko, Eibarko eta Ermuko herritarrek "konponbideak" eskatu dituzte
Agentziak | Erredakzioa
Hiru udalerrietan mobilizazio "zaratatsuak" egin dituzte astelehen gauean. Markina-Xemeinen eta Mallabian ere izan dira protestak.
Zaldibarko, Eibarko eta Ermuko milaka herritarrek "konponbideak" eskatu dizkiete erakundeei astelehen gauean, mobilizazio "zaratatsuak" eginez, ostegunean zabortegi batean izandako luiziaren aurrean. Herritarrek, halaber, "kezka" agertu dute; izan ere, zabortegiak, salatu dutenez, kutsadura sortu du, eta arriskuan jarri ditu "jendearen osasuna eta ingurumena". Parte-hartzaileek, horrez gain, nabarmendu dute "lehentasuna" zabortegian oraindik harrapatuta dauden "langileak ateratzea" dela. Markina-Xemeinen eta Mallabian ere izan dira protestak.
Erakundeak Zaldibarren gertaturikoa nola kudeatzen ari diren aztertuta, herritarrek haserrea agertu dute; agintariak zabaltzen ari diren lasaitasun-mezuetan konfiantzarik ez dutela nabarmendu, eta "informazioa" eskatu dute.
Testuinguru horretan, Ermuko Udalak azpimarratu du astelehen arratsaldean, beste behin, udalerrian erregistratutako aire-kalitateko datuak "onak" direla. Kaltxangoko ingurumen-estazioko erregistroak datu "normalak" eman ditu, eta Eusko Jaurlaritzak ordainleku zaharrean ipinitako neurgailuan ere ez da "ezohiko daturik" jaso. Gainera, airearen kalitatea neurtzeko beste gailu bat ere erregistratu dute, San Lorenzo eskolaren inguruan.
Halaber, Ermuak iragarri duenez, Gipuzkoako Ur Partzuergoak udalerrira iristen den edateko ura aztertu du, eta han ere ez dute "aparteko ezer" antzeman.
Aire-kalitatearen berri izateko neurgailu mugikorra eskatu du Zaldibarrek
Zaldibarko Udalak, bere aldetik, Eitzaga auzoan neurgailu mugikorra jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari, aire-kalitatearen gaineko datuak jasotzeko. Jose Luis Maiztegi alkateak nabarmendu du neurgailu horren datuak herritarrei jakinaraziko dizkietela, "udal-kanalak erabiliz".
Eusko Jaurlaritzak esan du luizia jazo den inguruko herrietan egunero egiten dituen uraren eta airearen kalitatearen gaineko neurketak "gardentasunez" zabalduko dituela, "nahasteak eta alarmak saihesteko". Gainera, larrialdi-zerbitzuekin eta suhiltzaileekin koordinatuta lan egingo du, lur-jausia izan den zabortegian oraindik "piztuta" dauden suak kontrolatzeko.
Ostegunean, otsailaren 6an, luizia izan zen Zaldibarko zabortegi batean, eta bi langile harrapatuta geratu ziren. Oraindik ezin izan dituzte erreskatatu, eta horiek topatzeko lanak etenda daude, lurraren ezegonkortasunagatik. Ostiralean, luizia izan eta ordu batzuetara, bertan behera utzi zituzten erreskate-lanak, zabortegian amiantoa dagoela zabaldu ondoren.