Gizartea
Alerta meteorologikoa
Asteazkenera arte egongo da indarrean alerta laranja bost metroko olatuengatik
Agentziak | Erredakzioa
Alerta hori lehen bi milietan nabigatzeko arriskuagatik ezarritako abisuei gehitu behar zaie.
Bost metro arteko olatuek kostaldean izan dezaketen arriskuagatik ezarritako alerta laranja asteazkenera arte luzatu da, eta lehen bi milietan nabigatzeko arriskuagatik ezarritako abisuekin bat egin du.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak asteazken goizaldera arte luzatu du alerta laranja olatuengatik. Asteazken arratsaldean arriskua murriztuko da, eta abisu horia egongo da 18:00etatik 20:00etara, olatuen altuera ez baita 4 metrotik gorakoa izango.
Gaur, astelehena, 16:00etatik 19:00etara egongo da indarrean alerta, hau da, 17:39ko itsasgorarekin batera, 4 eta 4,5 metro arteko olatuekin.
Bihar, asteartea, bi alerta egongo dira kostaldean, 04:00etatik 08:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, itsasgorarekin batera, olatuek 5 metroko altuera izan dezaketelako, baina abisu horia egongo da indarrean gainerako orduetan.
Asteazkenean ere, alerta laranja izango da 05:00etatik 09:00etara, eta abisu horia gainerako orduetan. Donostiako Pasealeku Berria itxita egongo da astelehen honetan, bai oinezkoentzat bai ibilgailuentzat, olatuek kostaldean izango duten eraginagatik.
Leizaola pasealekua eta Haizearen Orrazia ere itxi dituzte. Neurria asteazkeneko 10:00ak arte indarrean egongo da, Udalaren arabera.
Euria eta tenperaturen jaitsiera
Euskalmetek iragarri duenez, asteartean hodei ugari eta prezipitazio txikiak izango dira goizean, baina arratsaldetik aurrera euri pixka bat egin lezake, ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta tenperaturak nabarmen egingo du behera: maximoak 14 gradukoak izango dira kostaldean, eta 12koak EAEko erdialdean eta hegoaldean.
Asteazkenean, euria egingo du egunaren lehen partean, batez ere isurialde atlantikoan, baina hodeiak desagertzen joango dira arratsaldean. Tenperaturak bere horretan jarraituko du, eta haizea ahul ibiliko da.