Gizartea
Lur-jausia Bizkaian
Aldundiak segurtasun-horma eraikiko du eroritako zabortegiaren eremuan
Agentziak | Erredakzioa
Hondakinen artean amiantoa zegoela jakin aurretik, luiziaren lehen orduetan esku hartu zuten langile guztiak deitu dituzte osasun arloko langileekin eta teknikariekin elkarrizketa bat izateko.
Bizkaiko Foru Aldundiak segurtasun-horma bat eraikiko du hamar eguneko epean AP-8 autobidean, Zaldibarren, bide horren segurtasuna hobetzeko asmoz. Joan den ostegunean, AP-8 autobideak kalteak izan zituen zabortegi batean utzitako hondakinen luiziaren ondorioz, eta bi langile desagertu ziren.
Ezaugarri teknikoak zehaztu gabe badaude ere, sei metroko altuera duen harri-lubetazko horma izango da, eta 50 metrotan zehar zabalduko dute galtzadaren bazterrean, Donostiarako noranzkoan.
Horma eraikitzeko epea hamar egun ingurukoa da. Haren exekuzioa esleitzeko, berriz, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailak Interbiaken bidez hiru enpresa gonbidatu ditu eskaintzak aurkeztera. Aurreikuspenen arabera, obra astelehen honetan bertan esleituko da, eta asteartean hasiko dute.
Gainera, foru erakundeak kaltetutako eremuan ezar daitezkeen bide-segurtasuneko beste neurri batzuk aztertzen jarraitzen du.
Bien bitartean, AP-8ko zirkulazioa lur-jausia gertatu eta lehen orduetan ezarritako "by-pass"aren bidez egingo da, Bilboko noranzkoan.
Joan den larunbatean jada kendu zituzten Donostiarako noranzkoan galtzadan eroritako hondakinak, eta lanen bigarren fasean lau hondeamakina eta lau bainuontzi kamioi erabili dituzte.
Astearte honetarako, Bizkaiko Foru Aldundiak Osasun Batzordearen ezohiko bilera deitu du, eta bertan jakinaraziko ditu egindako jarduerak eta zabortegian utzitako hondakinen artean amiantoa zegoelako hartutako neurriak.
Era berean, luiziaren lehen orduetan esku hartu zuten Aldundiko langile guztiak deitu dituzte osasun arloko langileekin eta teknikariekin elkarrizketa bat izateko. Helburua datuak biltzea da, hala nola langile bakoitzaren parte-hartzea edo luiziaren gunean zenbat denbora egon den.
Halaber, operatibo horretan parte hartu duten kontratei eta azpikontratei jakinarazi die inplikatutako langileen zerrenda egin behar dutela, eta prebentzio-zerbitzuen bidez neurri berberak hartu behar dituztela.