Itxi

Gizartea

LUR-JAUSIA

Zaldibarko zabortegian lindanoa egon daitekeela ohartarazi dute ekologistek

EITB.EUS

Lindanoa material bereziki toxikoa da eta Ekologistak Martxan taldeak uste du hori dagoela zabortegiaren gainaldean itzali ezin duten sutearen atzean.

1:56
Zaldibarko zabortegiaren suak 24 ordu daramatza piztuta

Lur-jausia izan zuen Zaldibarko zabortegian pilatzen zituzten materialen artean lindanoa egon daitekeela ohartarazi du Ekologistak Martxan sareak. Ostegunean gertatu zen luizia eta geroztik, bi langile desagertuta daude, amiantoa agertu da eta zabortegiari egindako azken azterketan akats larriak topatu zituela Jaurlaritzak jakin da.

Ekologistek gogoratu dute lindanoa material bereziki toxikoa dela eta sare sozialen bidez zabaldu dutenez, "lindano usaina oso nabarmena da inguruan".

Aurretik zituzten susmoei usaina gehitu zaie orain, eta zabortegiaren gainaldean piztuta dagoen eta itzali ezin duten sutearen atzean horixe dagoela susmatzen dute:

Zabortegia dagoen Eitzaga auzoko bizilagunak oso kezkatuta eta haserre daude. Lur-jauzia, sutea, amiantoa tonaka agertu izana, Jaurlaritzaren txostena... "kutsadura norainokoa den" galdetzen dute eta arriskuan egoteko beldur dira.

Airearen kutsadu maila

Bestalde, hondakindegiaren inguruko airearen kutsadura maila "parametro normaletan" dagoela ziurtatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak ohar bidez, baina horrek ez ditu lasaitu herritarrak, eta Eitzaga auzoko bizilagunek batzarra deitu dute gaur eguerdirako, egoera aztertu eta aurrera begirako urratsak erabakitzeko. Bilera irekia izango da, eta hainbat talde ekologistetako ordezkariek parte hartuko dute. Oso kezkatuta daude zabortegiaren inguruan bizi diren herritarrak, luiziaren ondoren zabaltzen ari diren informazioekin. 12:00etan izango da bilera, auzoko elkartean.

Kezkatuta, minduta eta haserre agertu dira, baita ere, desagertuta dauden langileetako baten etxekoak, ETBri eskainitako elkarrizketa batean. Eusko Jaurlaritzak ez diela informaziorik helarazi salatu dute, eta gorpuak bilatzeko ahalegin guztia egin dezatela eskatu diete agintariei.

Bi langileen ibilgailuak aurkitu zituzten hondakinen artean

Ostegun arratsaldean izan zen luizia, 16:00ak inguruan, eta lurrek AP-8 autobide osoa hartu zuten, bi noranzkoetan. Ordutik falta dira bi langileak, Markinan bizi zen 62 urteko gizonezko eibartar bat eta 51 urteko zallatarra. Ertzaintzak jakitera eman zuenez, bi langileon ibilgailuak aurkitu zituzten ostiralean, hondakinen artean.

50 bat pertsonak osatzen dute erreskate taldea, eta txakurren laguntzarekin ari dira lanean. Helikopteroak, droneak, hondeamakinak eta dozena bat kamioi daude bertan lanean. Halaber, amiantoa zegoela jakin zenetik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak substantzia arriskutsuak kudeatzen aditua den enpresa bat eraman zuen lanak kontrolatzera, eta erreskate taldeko kideek babes neurri bereziak hartu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren arabera, Eitzagako zabortegiak hondakin industrialak biltzeko lizentzia zuen; amiantoa izan dezaketen fibrozementuzko estalkiak jasotzekoa, besteak beste.

Zabortegiak Udalaren baimena zuen 2011z geroztik, eta 2013an Ingurumen Baimena berritu zuen, Zaldibarko Udalak argitu duenez.

"Arau-hauste larriak"

Verter Recycling 2002 SL enpresak 2013an jaso zuen AAI ingurumen baimen bateratua eta orduz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritzak ikuskapen zehatzak egiten zituen enpresan. 2019ko uztailaren 10ean izan zen azkena eta handik atera zen txostenak "arau-hauste ugari" antzeman zituen lau arlotan: lizentzia eta baimenetan, uraren babesean, hondakinetan eta zabortegien baldintza berezietan.

Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak eman daitekeen izendapenik baxuena eman zion enpresari azken ikuskapenean, eta hala jakinarazi zioten jabeari 2019ko irailaren 16an. Jakinarazpenarekin batera, 30 eguneko epea eman zioten, "txostenean agertzen ziren akatsak konpontzeko edo beharrezkoak liratekeen neurriak martxan jarri zituztela egiaztatzen zuen dokumentazioa aurkezteko".

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak prentsa oharra kaleratu zuen atzo, jakinaraziz Verter Recycling enpresak 2019ko urriaren 11n "askotariko informazioa" helarazi ziela, eta tartean, ingeniaritza espezializatu batek egindako azterketa bat. Azterketa horrek zabortegia "egonkorra" zela zioen: "Ondoriozta daiteke, ikuspegi globaletik, zabortegia egonkorra dela egungo konfigurazioarekin, bai haustura zirkularrei dagokienez, bai oinarrizko konformatuaren ahultasun-planoaren ondoriozko bloke-hausturei".

"Tximiniak ez ziren metanoa ondo neurtzen ari eta baimenik gabeko betelan bat egin zuten"

"Betetze-dinamika berarekin jarraituz gero, ondorioztatzen da zabortegiak Eusko Jaurlaritzak ezarritako egonkortasun-irizpideen arabera jokatuko duela, bai egoera normal batean, bai drainatzeak huts egiten duen istripu-egoera batean" gaineratzen zuen txostenak.

Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak egiaztatutako arau-hausteak zeintzuk ziren galdetuta, Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ondorengo kasuak aipatu zituen: "Tximiniak ez ziren metanoa ondo neurtzen ari, pilatzeko baimenik ez zuten materiala zeukaten pilatuta -kantitate txikian izanagatik- eta baimenik gabeko betelan bat egin zuten".

Luiziaren tokian izan zen atzo eguerdian Moreno eta han galdetu zioten zer neurri hartu zituen Eusko Jaurlaritzak Ikuskaritzaren txostena zein Verter Recycling enpresak hari erantzunez aurkeztutako dokumentazioa jaso ondoren: "ez da arazoak ez direnik konpondu. Arazo batzuk berehala konpondu ziren eta beste batzuk konpontzeke zeuden, eta baloratzen ari ginen espediente zigortzailea ireki edo ez".

Sutea, zabortegian

Bestalde, ostiral ilunabarrean sutea piztu zen Zaldibarko zabortegiaren goialdean. Suhiltzaileek esan dutenez, bertara iristea "ia ezinezkoa" da, eta "kontrolpean" duten arren, ezin dute itzali.