Itxi

Gizartea

LUIZIA

Zaldibarko zabortegiko azken ikuskapenetan "arau-hauste larriak" topatu zituzten

EITB.EUS

Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritzak 30 eguneko epea eman zion Verter Recyclingi arazoak konpontzeko, eta honek ingeniaritza enpresa baten txostena aurkeztu zuen, zabortegia "egonkorra" zela esanez.

1:12
Zaldibarko zabortegiaren irudia

Ostegun honetan Zaldibarko zabortegiko milaka tona AP8 autobidera erori ondoren, herritarrak kezkatuta daude zabortegiaren kokapena, baimenak eta segurtasun neurriak egokiak ote ziren.

Verter Recycling 2002 SL enpresak 2013an jaso zuen AAI ingurumen baimen bateratua eta orduz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritzak ikuskapen zehatzak egiten zituen enpresan. 2019ko uztailaren 10ean izan zen azkena eta handik atera zen txostenak "arau-hauste ugari" antzeman zituen lau arlotan: lizentzia eta baimenetan, uraren babesean, hondakinetan eta zabortegien baldintza berezietan.

Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak eman daitekeen izendapenik baxuena eman zion enpresari azken ikuskapenean, eta hala jakinarazi zioten jabeari 2019ko irailaren 16an. Jakinarazpenarekin batera, 30 eguneko epea eman zioten, "txostenean agertzen ziren akatsak konpontzeko edo beharrezkoak liratekeen neurriak martxan jarri zituztela egiaztatzen zuen dokumentazioa aurkezteko".

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak prentsa oharra kaleratu du gaur, jakinaraziz Verter Recycling enpresak 2019ko urriaren 11n "askotariko informazioa" helarazi ziela, eta tartean, ingeniaritza espezializatu batek egindako azterketa bat. Azterketa horrek zabortegia "egonkorra" zela zioen: "Ondoriozta daiteke, ikuspegi globaletik, zabortegia egonkorra dela egungo konfigurazioarekin, bai haustura zirkularrei dagokienez, bai oinarrizko konformatuaren ahultasun-planoaren ondoriozko bloke-hausturei"

"Betetze-dinamika berarekin jarraituz gero, ondorioztatzen da zabortegiak Eusko Jaurlaritzak ezarritako egonkortasun-irizpideen arabera jokatuko duela, bai egoera normal batean, bai drainatzeak huts egiten duen istripu-egoera batean" gaineratzen zuen txostenak.

Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak egiaztatutako arau-hausteak zeintzuk ziren zehatz-mehatz galdetuta, Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ondorengo kasuak aipatu ditu: "Tximiniak ez ziren metanoa ondo neurtzen ari, pilatzeko baimenik ez zuten materiala zeukaten pilatuta -kantitate txikian izanagatik- eta baimenik gabeko betelan bat egin zuten".

Luiziaren tokian izan da gaur eguerdian Moreno eta hantxe galdetu diote zer neurri hartu zituen Eusko Jaurlaritzak Ikuskaritzaren txostena zein Verter Recycling enpresak hari erantzunez aurkeztutako dokumentazioa jaso ondoren: "ez da arazoak ez direnik konpondu. Arazo batzuk berehala konpondu ziren eta beste batzuk konpontzeke zeuden, eta baloratzen ari ginen espediente zigortzailea ireki edo ez".

EH Bilduk azalpenak eskatuko ditu

EH Bilduren iritziz, txostenak argi eta garbi erakusten du Zaldibarko "zabortegiaren kudeaketak ez dituela bete eskatu beharreko kalitate-estandarrak, ez eta ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak ere. Txostenak erakusten du, halaber, Jaurlaritza jakinaren gainean zegoela" eta, beraz, ezinbestekoa da Ingurumen Sailak zehatz-mehatz argitzea ea irregulartasunak ezagutu ondoren" jarraipen eta kontrol neurriak martxan jarri zituen edota zabortegiaren enpresa titularrari zehapen-espedientea ireki zion, araudia betearazteko".

EH Bilduk hainbat ekimenen aurkeztuko dituela Legebiltzarrean iragarri du: "Izan ere, enpresari emandako 30 eguneko epea duela aste batzuk amaitu bazen ere, ez-betetzeen zuzenketa ziurtatu behar zuen txostena ez da argitaratu. Horrek frogatzen du, baita ere, zabortegietan Ingurumen Saila ez dela ingurumen baimen bateratuak betearazteko gai".

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua  instalazioaren ingurumen-kontrolari buruzko azalpenak emateko prest agertu da, "dagozkion esparruetan".

Zabortegiaren tamainarekin eta amiantoaren tratamenduarekin beste ustezko irregulartasun batzuk

Informazio horiez guztiez gain, Berria egunkariak beste hainbat irregulartasunen berri izan duela argitaratu du gaur.

Batetik, Zaldibarko zabortegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratuak hektarea batera mugatzen omen du jarduteko eremua: "Zabortegia ustiatuko da bermatuz euri urek zuzenki eragin dezaketen gehieneko eremua ez izateko 10.000 metro koadro baino gehiago", baina Berriak dio gutxienez lau hektareako eremua zegoela estali gabe.

Gainera, amiantoari dagokionez, zabortegi barruan "zigilatuta" egon beharko litzatekeen arren, egunkariak jakin ahal izan omen du amiantoa beste hondakin batzuekin nahastuta zegoela zabortegian, ez aparteko ziega batean.

Amiantoaren gaiari dagokionez, Ingurumen Sailaren prentsa oharrak berretsi du IBB baimenak material hori jasotzeko baimena ematen ziola zabortegiari, "baina beti hondakin ez-arriskutsuetarako zabortegietan hondakin arriskutsu batzuk onartzeko irizpideak ezartzen dituen Europako araudiari jarraituz (Kontseiluaren 2003/33/EE Europako Erabakia)".

Verter Recycling enpresaren zabortegian, 379.689 tona hondakin sartu ziren 2017an, 540.667 tona 2018an, 510.994 tona 2019an.

Amiantoa duten eraikuntza-materialen sarrerei dagokienez (plakak, hoditeriak eta zuntz-zementuzko kanaletak, batez ere), 2.954 tona sartu ziren 2017an, 2.592 tona 2018an, eta 4.235 tona 2019an.