Gizartea
Lur-jausia Zaldibarren
AP-8 autobidea ostiral goizera arte egongo da itxita
eitb.eus
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, autobidean "by-pass" bat jartzea eta zirkulazioa tarteka ematea da helburua. Gau osoa emango dute errepidea garbitzeko lanean.
Zaldibarren (Bizkaia), AP-8 gainean izan den luiziaren ondorioz autobidea itxi egin dute bi norabideetan eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruetan hainbat orduz.
Oraingoz, zirkulazioa ondoan dagoen N-634 errepidetik bideratzen ari dira, baina ibilgailu kopuruari aurre egin ezinda zegoenez, Eibar eta Zornotza artean auto-ilara handiak izan dira arratsalde osoan. Zirkulazioa Eibarko ordainlekutik ari dira bideratzen Bilboko noranzkoan, eta Durangoko ordainlekutik, Donostiakoan.
Gainera, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko lotura errepidetik egitera behartuta zeudenei, Arabatik egitea aholkatu dute agintariek.
Bestalde, luiziaren eta autobideko irteeraren artean harrapatuta geratu diren ibilgailu guztiak atera dituztela jakinarazi du Ertzaintzak.
Bizkaiko Aldundiak adierazi duenez, errepidea ostiral goizerako garbituta eta irekita egotea espero du, autobidean "by-pass" bat egin eta ahal den heinean zirkulazioa bere onera ekartzeko. Horretan ari dira lanean 25 langile, eta sei hondea-makina eta hamaika kamioi, Aldundiak jakinarazi duenez.
Lur-jausiak Ermuko saihesbidearen itxiera ere eragin du, bertako Udaltzaingoak zabaldu duenaren arabera.
Horregatik, Donostiako norabidean Ermuko erdigunetik bideratu dituzte ibilgailuak Eibarrera iritsi eta bertan autobidea hartzeko aukera izan arte.
ZALDIBAR. AP-8an
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) February 6, 2020
Lurjauzi baten ondorioz errepidea bi zentzutan moztuta dago. Larrialdi zerbitzuak bertan lanean.
****
ZALDIBAR. AP-8
Debido a un desprendimiento la via se encuentra cortada en ambos sentidos. Servicio de emergencia trabajando en el lugar. #IMV pic.twitter.com/nlFedjh95p