Gizartea
Osasuna auzia
Calderon: "Galtzeagatik dirua kobratu izan balute, publikoki salatuko nuke"
Agentziak | Erredakzioa
Gabriel H. Calderonek, Betiseko entrenatzaile ohiak, lekuko gisa deklaratu du Osasunako zuzendari ohien kontrako epaiketan.
-
Gabriel H Calderón, Betiseko entrenatzaile ohia, prentsaurreko batean. EiTBko artxibo irudia.
Gabriel H. Calderonek, 2013-2014 denboraldiko azken lau hilabeteetan Betiseko entrenatzaile izandakoak, erabat ukatu du Sevillako taldeak Osasuna-Betis partidan gorritxoei irabazten utzi izana. Era berean, bere jokalariren batek galtzeagatik dirua kobratu duela jakinez gero, publikoki salatuko lukeela gaineratu du.
Calderonek lekuko gisa deklaratu du Nafarroako Auzitegian, Osasunako presidente ohiek 2013-2014 denboraldiko azken bi partidetan ustez egindako iruzurrengatik; Betis-Valladolid (4-3) eta Osasuna-Betis (2-1) partidetan, hain zuzen.
"Irabazteko helburuarekin jokatzen ez duen jokalariren bat egonez gero, publikoki salatuko nuke", esan du Calderonek, eta nabarmendu du bi partida horiek jokatu aurretik bigarren mailara jaisteko aukera handiak zituztela. Betisek babestu beharreko "prestigioa" duela azaldu du, eta hala jakinarazi ziela jokalariei behin baino gehiagotan.
Calderonen hitzetan, "arreta handiz" ikusi zuen Osasuna-Betis partidaren bideoa, eta "ez nuen ezer arrarorik ikusi". Izan ere, berdinketa lortzeko aukera ugari izan zituzten.