Gizartea
Zigorra
Bi urteko kartzela-zigorra, La Manadako biktimaren argazki bat txiokatzeagatik
EiTB.EUS
Bortxatzen ari zirenean atera zioten argazkia biktimari. Iruñeko epaitegi batek bi urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri dio gizon bati 2017an irudia zabaltzeagatik.
Iruñeko epaitegi batek bi urte eta egun bateko kartzela-zigorra ezarri dio gizon bati, 2017ko abenduan La Manadako biktimaren argazki bat txiokatzeagatik. Argazkia La Manadako kide bat biktima bortxatzen ari zenean atera zuten. Epaiaren berri eman duen lehena elPeriodico izan da. Epailearen iritziz, zigortutako gizonak, ultraeskuindarra bera, "emagaldu mozkortia" deitu zion biktimari, eta argazkia zabalduta berriro bihurtu zuen biktima emakumea, eta "barregarri utzi eta lotsarazi egin zuten".
elPeriodicok asteazken honetan zehaztu duenez, epaitegiak frogatutzat jo du gizonak, 30 bat urtekoa eta Valladolideko herritarra, sekretuak agerraraztearen delitua eta osotasun moralaren aurkako delitua egin dituela. Epaiak ebazten du zigortuak 2017ko abenduaren 6an La Manadako biktimaren argazki bat partekatu zuela Twitterreko bere profilean; irudian Jose Angel Prenda La Manadako kidea eta bortxatu zuten emakumea agertzen ziren, eta, hain zuzen ere, Prenda emakumea bortxatzen ageri zen bertan. La Manadako bost kideei (Jose Angel Prenda, Jesus Escudero, Alfonos Jesus Cabezuelo, Angel Boza eta Antonio Manuel Guerrero) 15 urteko espetxe-zigorra ezarri zien Auzitegi Gorenak 2019ko ekainaren 21ean; hasiera batean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bederatzi urteko espetxe-zigorra ezarri zien, sexu-abusuak egotzita, baina, azkenean, Gorenak sexu-erasoa zela ebatzi zuen.
Orain zigortutako gizonak argazkia zabalduta, hainbat lagunek biktima identifikatzeko aukera izan zuten; hortaz, emakumeak tratamendu psikologikoa behar izan zuen, unibertsitateko ikasketak utzi behar izan zituen, eta hiru hilabete eman zituen Espainiatik kanpo bizitzen. Epailearen arabera, biktimaren senide eta ezagun batzuek argazki hori ikusita jakin zuten bera zela La Manadaren biktima.
Hedabide horrek gaineratu duenez, zigortuak 6.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, eta, horrez gain, 4.680 euroko isuna ordainduko beharko du. Halaber, La Manadaren biktimak kereila jarri du haren kontra, irainak egotzita. Zigortuak epaiaren aurkako helegitea aurkezteko aukera du.
elPeriodicok gogora ekarri duenez, Bartzelonako herritar bat ikertzen ari dira, La Manadako biktimaren osotasun moralaren aurkako delitu batengatik; Fiskaltzak bi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du, haren aurka. Gainera, Iruñeko epaitegi batek urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zion gizon bati 2019ko abenduan, urtebete lehenago 'Tour de la Manada' izeneko web orri bat sortu baitzuen.