Gizartea
Iruzurra
WhatsAppeko kontuak lapurtzeko ahaleginak egin dituzte Nafarroan
Agentziak | Erredakzioa
Gaizkileak mezu bat bidaltzen dio biktimari, premia handiz behar duen eta nahi gabe bidali dion kode bat SMS bidez bidaltzeko eskatuz.
-
WhatsApp. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
WhatsApp berehalako mezularitza zerbitzuaren bitartez, erabiltzaileen nortasuna ordezkatzen eta kontuak lapurtzen saiatu direla salatu dute Nafarroan, Guardia Zibilak ohartarazi duenez.
Biktimek jarritako salaketen arabera, mezu bat jaso dute mugikorrean, mezularitza zerbitzu horren bidez. Mezua, kasu guztietan, biktimaren ustezko lagun batek idazten du, eta honako hau dio: "Kaixo, sei digituko kode bat duen mezu bat bidali dizut nahi gabe, barkatu. Bidal diezadakezu bueltan, mesedez? Premiazkoa da".
Alabaina, erabiltzailearen nortasuna lapurtu edo ordezkatzeko metodo bat da, Guardia Zibilaren arabera. Gaizkileak aplikazioa bere jabetzako telefono batean instalatzen du, eta, jarraian, horri erlazionatuko dion telefono zenbakia gordetzen du, aurretik ezagutzen ez duen biktimaren zenbakia.
Telefono zenbakia gorde ondoren, sistemak SMS bidezko mezu bat bidaliko du zenbaki hori duen erabiltzailearen mugikorrera, aplikazioan sartu beharreko egiaztapen-kode batekin, benetako jabea dela egiaztatzeko eta instalazioa amaitzeko.
Erasotzaileak, ordea, biktimaren ezagun bat izango balitz bezala jokatzen du, kontuaren kontrola bereganatzeko. Horrela, mezu bat bidaltzen dio, premia handiz behar duen eta nahi gabe bidali dion kode bat SMS bidez bidaltzeko eskatuz.
Erasotzaileak biktimari eskatzen dion mezua, ordea, aplikazioa instalatzen amaitzeko behar den egiaztapen-kodea da, WhatsAppek bidaltzen duena. Biktima ez bada horretaz ohartzen, gaizkileak horren kontuaren kontrola bereganatzen du, eta, ondorioz, horrek dituen elkarrizketa eta kontaktu guztiak ikus ditzake.
Gaur egun, mezularitza zerbitzu ezagunenek hainbat segurtasun-sistema eskaintzen dituzte, ahal den neurrian, horrelako delituak saihesteko; "bi urrats bidezko egiaztapena", esaterako. Aukerakoa da, eta kontuaren segurtasuna indartzeko balio du. Izan ere, jabetza egiaztatzeko edozein saiakerak PIN zenbaki bat eskatzen du, erabiltzaileak aldez aurretik sortzen duena, eta, ondorioz, berak bakarrik ezagutzen duena.