Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Gasteizen ospitaleratutako emakumeak ez du koronabirusik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Osakidetzak koronabirusari aurre egiteko protokoloa jarri zuen martxan, kasu susmagarri bat atzeman ostean. Dena dela, probek baztertu egin dute emakumeak koronabirusa duenik.

  • Txagorritxu ospitalea.

    Txagorritxu ospitalea. Argazkia: Aitor Agirrezabal

Gasteizko Txagorritxu Ospitalean bakartuta zegoen emakumeari egindako analisiek baztertu egin dute koronabirusa duenik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astearte honetan jakinarazi duenez.

Osakidetzak, koronabirusari aurre egiteko protokoloa jarri zuen martxan atzo, kasu susmagarri bat atzeman ostean. Pazientea Txinan egon da duela gutxi, eta gaixotasun horri lotutako sintomak zituen.

Analisi mikrobiologikoek negatibo eman duten arren, emakume horrek bere egoeraren araberako arreta medikoa jasotzen jarraitzen du, izan ere, arnas sintomatologia arina zuela ospitaleratu zuten.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) susmoak piztu dituzten bi kasu izan dira orain arte, baina probak egin ostean biak baztertu dituzte. Urtarrilaren 24an, Txinako Wuhan hiritik itzuli zen emakume batek gaixotasun horrekin lotutako sintomak zituen, eta Gurutzetako Ospitalean (Bizkaia) ospitaleratu zuten, beharrezko prebentzio neurriak hartuz.

Dena dela, Majadahondako (Madril) Mikrobiologia Zentroak egindako probek baztertu egin zuten gaixoak zuen pneumonia koronabirusak (2019-nCoV) eragin zionik.

Osasun Sailak eta Osakidetzak adierazi dute zuhurtasunez eta zorrotz ari direla jokatzen koronabirusaren zabalkundearen harira, eta, ondorioz, lasaitasunerako deia egin diete herritarrei.

Gaur bertan, 16:30ean, Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluan parte hartuko du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Izan ere, osasun-arloko arduradun autonomiko gorenei dei egin die Espainiako Osasun Ministerioak, 2019-nCoV birusak eragindako izurritearen egoeraren berri emateko.