Gizartea
Santa Ageda 2020
Santa Ageda bezperan tradizioz bete dira kaleak, makilen kolpeen erritmora
eitb.eus
Santa Agedaren abesti ezagunenaren zazpi bertsio ezberdin daude. Abesbatzek eta koadrilek Euskal Herriko kaleak zeharkatuko dituzte gaur, baserritarrez jantzita, makilen kolpeen erritmora.
-
Santa Ageda bezpera, Bilbon. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Egutegian gorriz borobildutako eguna da otsailaren 4a. Izan ere, abesbatzek eta koadrilek Euskal Herriko kaleak zeharkatuko dituzte gaur, beste urte batez, Santa Ageda egunaren bezpera dela eta.
Baserritarrez jantzita, dozenaka ate joko dituzte Santa Agedako kopla tradizionalak abesteko asmoz, eta, etxez etxe, kaleak zeharkatuko dituzte makilen kolpeen erritmora. Trukean, limosna bat eskatuko diete jabeei, gerora bildutakoa hainbat ekimen sozialetara bideratzeko. Santa Agedaren abesti ezagunenaren zazpi bertsio ezberdin daude.
Euskal mitologiari lotuta dagoen tradizioa da, eta lurra makilekin jotzeak neguko solstizioaren ondoren berau esnatzeko ahalegina adierazten du. Santa Ageda, III. mendeko birjinia eta martiria izan zen. Testuinguru horretan, emakumeen babesletzat jotzen da, eta balio sendatzaileak egozten zaizkio, hala nola zefaleak eta migrainak sendatzeko ahalmena.
Donostian, Santa Ageda bezperako ekitaldiekin bat egiteko jarduera ugari antolatu dituzte auzoetan. Antiguan, 19:00etan izango da kopla ospetsua abesteko hitzordua, Antiguotarrak Elkartearen eskutik. Ordu berean, Amara Berrin, Egian, Intxaurrondon eta Loiolako Erriberan ere badira deialdiak. Ordu erdi lehenago, Santa Agedaren omenezko koplak abestuko dituzte Aieten, eta, 15:00etan, Martutenen.
Gasteizen, berriz, abesbatzak hainbat gunetan ibiliko dira, eta aldez aurretik izena ematen duten parte-hartzaileei, opari bana emango die Udalak, baita aurtengo edizioaren oroigarri bat ere.
Besteak beste, Antso Jakituna, Alde Zaharra, San Prudentzio, Pilar, Zaramaga, Aranbizkarra, Santa Luzia, Lakua, Zabalgana, Mariturri edo Judimendi izango dira makilaren soinua entzungo den auzoetako batzuk.
Iruñean eta Nafarroako beste hainbat tokitan ere kalez kale ibiliko diren abesbatzak eta taldeak ikusi ahal izango dira, baserritarrez jantzita, Santa Agedako kopla tradizionalak abesten.
Bilbon, Arriaga Plaza izango da eguna kantuan igaroko dutenen lehen geralekuetako bat. Halaber, Zazpikaleak haur eta helduen taldeez beteko dira egun osoan zehar. Hainbat abesbatza eta koadrila ere entzun ahal izango dira Areatzan, Plaza Berrian edota Unamuno Plazan.
Bideoa | Arratiako Koruak Santa Agedako kopla hunkigarriak abestu ditu Begoñako Basilikan:
Bilboko Suhiltzaileek ere koplak abesten dituzte urtero Santa Ageda egunez, eta biltzen duten dirua hainbat arrazoi sozialetara bideratzen dute. Aurten, Aspanovas Bizkaiko minbizidun haurren gurasoen elkarteari eman diote.
Bideoa | Bilboko Suhiltzaileak Santa Agedari kantari, minbizia duten haurrei laguntzeko:
Bestalde, Barakaldon, artisau produktuak eskainiko dituzten 30 postu baino gehiago jarriko dituzte Arroletza mendiko igoeran, Agate Deuna baselizarako bidean. Izan ere, hilaren 5ean, urtero egin ohi duten erromeria ospatuko dute, bai eta aurreko eta hurrengo asteburuetan ere.
Agate Deuna baselizan meza ordu bereziak jarri dira, erromeria hori maite duten guztiek meza entzuteko aukera izan dezaten. Baselizara iristeko ibilbide bi daude: ezagunena eta errazena, Gurutzetatik hasten dena, eta, bestea, berriz, Kastrexanatik hasten dena.