Itxi

Gizartea

'Osasuna' auzia

Valladolid eta Granada taldeetako presidenteek ohartarazi zioten iruzurrez Tebasi

Agentziak | Erredakzioa

LaLigako presidenteak lekuko gisa deklaratu du ostegun honetan 'Osasuna' auzian; esan duenez, bi klub horietako presidenteek esan zioten talde nafarra balizko iruzurrak ari zela egiten.

  • Javier Tebas LaLigako presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

    Javier Tebas LaLigako presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Javier Tebas LaLigako presidenteak adierazi du Valladolid eta Granadako taldeetako 2013-14 denboraldiko presidenteek, Carlos Suarezek eta Enrique Pinak hurrenez hurren, ohartarazi ziotela Osasunaren balizko iruzurrez. Tebasek ostegun honetan deklaratu duenez, Suarezek eta Pinak esan zioten aukera zegoela talde nafarra iruzur egiten ibiltzeko, denboraldi hartan.

Lekuko gisa deklaratu du Tebasek Nafarroako Auzitegian, Osasuna auziaren epaiketan. Adierazi duenez, mugikorreko mezuak partekatu zituen Suarezekin, eta horrek esan zion Sisi jokalariak eman ziola balizko iruzurren gaineko informazioa. Sisi, Sisinio Fernandez, Osasunan zebilen garai hartan, eta aurretik Valladolid taldeko jokalaria izana zen.

Suarezek eta Tebasek adostu zuten Sisi babestu behar zela; izan ere, taldeen jokalarien arteko isiltasun-ituna zegoen; futbolariak hitz egiteko beldur ziren, arriskua zegoela etorkizunean beste talderik ez kontratatzeko.

Mezu horietan, Suarezek esan zion Tebasi "Osasunako zuzendaritza zebilela iruzurrak bultzatzen".

Halaber, Pinak esan zion Osasuna, Fundazioaren bidez, "milioi asko" ari zitzaiela eskaintzen beste talde batzuei; Tebasek esan duenez, horixe da lehen pista, "jakiteko dirua nondik ari ziren ateratzen". Pinaren hitzetan, Espanyolek ere zerikusia zuen iruzurrekin.