Gizartea
2020KO DANBORRADA
Danbor-hotsak Donostia hartu du, hotzari aurre eginez
eitb.eus
Dagoeneko danborradez gozatzen ari da Donostia, baina banderaren igoerak eta 'San Sebastian martxa'k abiatu dute festa handia.
Danbor-hotsak Gipuzkoako hiriburua hartu du. Donostiarrek hotzari aurre egin diote San Sebastian egunari eta festari hasiera emateko. Eneko Goia alkateak bandera igo eta Raimundo Sarriegiren 'San Sebastian martxa' ezagunaren doinuak jota lehertu da festa Gipuzkoako hiriburuan.
Union Artesana elkartearen 150. urteurrena dela eta, danborrada horretako danbor nagusia den Aitor Oyarzabalek "Donostiako Martxa" zuzendu du, Gaztelubideko danbor nagusiarekin batera. Aurretik, Gaztelubidek Urrezko Kupela eman dio Union Artesanari.
Elkarte gastronomikoetan eta jatetxeetan afari tradizionala egin ostean, donostiarrek Konstituzio plaza bete dute jaiari ongietorria egiteko, berriz ere, danbor hotsekin.
151 danborradak, 19.004 lagunek (8.120 emakume eta 10.884 gizon) hunkitu egingo dituzte donostiarrak San Sebastian egunean.
Danborradan ohikoak dira eskularru zuriak eta zapiak eta kapelak, eta aurten inoiz baino aproposagoak izango dira osagarriok, San Sebastian eguna oso hotza izango baita, ETBko meteorologia zerbitzuak iragarri duenez. Horren arabera, termometroek ez dute 10 ºC-ko langa gaindituko, eta hotzenak 0-2 ºC artean ibiliko dira. Halere, ateri eutsiko dio.
Haurren danborrada
8.800 ume baino gehiago ibiliko dira astelehenean, San Sebastian egunean, Donostia hiria zeharkatuko duten Haur Danborradetan. Aurten lehen aldiz, Haur Danborradan ez da Easo Ederrik izango; izan ere, Aitor Ikastolak zuen pertsonaia horren papera nork ordezkatuko duen aukeratzeko ardura, baina beste pertsonaia baten alde egitea erabaki zuen.
41 eskolak hartuko dute parte aurten Haur Danborradan, eta protagonistak hautatzeko txandakatu egiten dira ikastetxe horiek guztiak. 2020an, Harri Berri Oletak izan du Danbor Nagusia aukeratzeko ardura, eta Aitor Ikastolari hauek zehaztea egokitu zaio: Jenerala eta haren laguntzailea, alkatesa, notarioa, batelaria, iñudea, arrantzalea, irulea eta herritarrak, besteak beste. Aitor Ikastolako Gurasoen Elkarteak erabakita, baina, Easo Ederrak eta ohorezko damek ez dute bat egiten berdintasun-balioekin.
2020ko Urrezko Danborra
Realeko emakumeen futbol eta hockey taldeek jasoko dute 2020ko Urrezko Danborra, Donostiako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak adostuta, gehiengo kualifikatuz.
Bezperan, Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu ditu Eneko Goia Donostiako alkateak. Aurten, hauek saritu dituzte: Jesus Rubio Raymond ekintzaile soziala, Itziar Mintegui animaliak eta landareak babesteko elkarteko kidea, buruko gaitzak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten duen Why Not Fundazioa, Naizen Elkartea (Chrysallis) eta erradiazioaren ondorioak jasaten dituzten ume errusiar eta bielorrusiarrak hartzen dituen Bikarte Kultura.
Jaia, Donostian bakarrik ez
San Sebastian eguna ez da Gipuzkoako hiriburuan soilik ospatzen. Azpeitian, Lakuntzan eta Tafallan ere egun handia dute urtarrilaren 20a, eta egitarau zabala prestatu dute.
Azpeitian helduen danborrada egin dute, eta igande eguerdian hasi dute festa. San Sebastian egunean, haurren danborrada izango dute, eta sokamuturra ere ez da faltako, beste hainbat ekitaldirekin batera. Gauerdian amaituko dute jaia.
Nafarroan ere ospatzen dute San Sebastian, Lakuntzan eta Tafallan.