Gizartea
PROTESTA
Ehunka lagunek apustu etxeen aurkako manifestazioa egin dute Berriozarren
EITB.EUS
Nafarroako apustu etxeen aurkako plataformak deitutako mobilizazioak Berriozarko UPN, PSN, EH Bildu, IE-Podemos alderdien babesa izan du, baita herriko hamaika mugimendu sozialena ere.
-
Berriozarko manifestazioa herrian zehar. Argazkia: @StopApuestasBZ
Ehunka lagun bildu dira gaur arratsaldean Berriozarren, apustu etxeen aurka protesta egiteko. Emaileen plazan elkarretaratzea egin ostean, Berriozarko kale nagusiak zeharkatu dituzte Euskal Herria plazara iristeko eta bertan horrelako gunerik ez dutela nahi aldarrikatu dute, "ez Berriozarren, ez inon".
Herriko kolektibo ugarik eman diote manifestazioari atxikimendua. Berriozarko UPN, PSN, EH Bildu, IE-Podemos alderdietatik hasi eta Berpizten, Sokatira kadeteak, PAH Berriozar, Intxaurdi Elkartea, La casa del guerrero, Kabiak, Labarga, Ikasle Abertzaleak, Suhar, Berriozarko Futbol taldeko lehen taldeko emakumeak eta gizonezkoak, Zulo Alai elkartea, Txori zuri, Berriozarko gaiteroak, Hocs y Muro, Berriozarko talde antikapitalista, sokatira taldea, Institutuko Mendialdea Guraso elkartea, Kiliki, Sahararen aldeko lagunak, Ikari ari, Urkabe, Berriozarko gazteak, San Cristobal, pilota eskola, Yosekanbudo taldea, Asociacion de ayuda al vecino y vecina de Berriozar eta Navarvoley Berriozar taldeak, besteak beste.
Apustu etxe baten atarira iritsita, "zuen etekina ez dadila izan gure zorigaitza, ez zarete ongi etorriak" zihoen pankarta jarri dute.
Lehen daudenez gain, Berriozarren apustu etxe berri bat ireki dutela salatu dute, gainera, manifestazioan parte hartu dutenek eta "langileak are eta gehiago pobretzeko" bakarrik balio dutela salatu dute lokal horren aurrean.
Asier Zafra Nafarroako apustu etxeen aurkako plataformako bozeramaileak elkarrizketa eman dio Euskadi Irratiko Goiz Kronika saioari, mobilizazio honen harira. "Ludopatiak gazteei eta maila baxuko jendeari" eragiten diela salatu du Zafrak eta etxe hauek aurka egin beharra dagoela ohartarazi du.
Hemen elkarrizketa osoa:
Ludopatiaren arazoari irtenbide eman nahian, moratoria bat onartu zuen azaroan Nafarroako Gobernuak. Horren arabera, ez da joko areto gehiago irekitzeko baimenik emango, jokoen legea erabat amaitu arte.
Nafarroan, 60 joko eta apustu etxe daude gaur egun, eta beste zazpi irekitzeko bidean ziren. Azaroan martxan jarritako moratoriaren ondorioz, dena dela, zazpi horietatik bosti debekatu egin diete irekitzea baina bik aurrera jarraitzen dute asmo horrekin.